Moraza hustuta, eta orain zer?

Ertzaintza Moraza kaleko eraikin batera sartu daGipuzkoako SOS Arrazakeria.- Argi zegoen. Erakundeek okupazioaren aurpegi ilegala bakarrik nabarmentzen dute. Berdin zaie eraikin oso bat urteetan hutsik egotea, nahiz eta gizartearen sektore babesgabeenek etxebizitza eskasia pairatu. Era berean, ez dute inolako alternatibarik proposatzen, nahiz eta jakin badakiten, gizartearen parte horrek oinarrizko beharrak asetzeko benetako zailtasunak dituela.

Gauzak hala, gazte hauek guztiak kale gorrian utzi dituzte eta horietako hainbat atxiki eta Atzerritarren Bulegora bideratu dituzte.

Segurtasun faltaren argudioa erabiltzen dute erakundeek, iritzi publikoak ontzat joko dutela, jakin badakitelako.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu berri duen Pobreziari eta Desberdintasunari buruzko txostenaren arabera, pobrezia egoeran eta arriskuan dauden biztanleen kopurua, orain baino hamar urte handiagoa da. Bien bitartean, BPG‐ak gora egin du, egoera makroekonomikoa hobetu da eta Jaurlaritza beraren eta gainerako erakundeen diru sarrerak areagotu egin dira. Kontraste hori, salatzekoa da. Norentzat ari dira gobernatzen? Zein sektorerentzat bideratzen dituzte politika publikoak? Non geratzen da “inor atzean utzi gabe”‐ko baieztapen ofiziala?

SOS Arrazakeriaren ustez, bide polizialak gogortu egiten du babesgabeenen kontrako zigorra. Horietako hainbatek gainera, diskriminazio bikoitza sufritzen dute: Atzerritarren Legeak eragiten dienez, ezin dute lan munduan sartu.

Gaurkoa bezalako erabakien bidez, are eta gehiago baztertzen ditugu gazte horiek, eta horrela, ezinezkoa zaie bizimodua aurrera ateratzea. Gogoratuko dugu, gazte horiek gizarte egitura berritu eta indartzeko behar beharrezkoak direla.

Beste behin, SOS Arrazakeriak dei egiten die erakundeei babesgabe, migratzaile eta autoktonoen aldeko politikak sustatzeko. Baina, bereziki etxegabeen aldeko politikak bideratzeko eskatzen du. Indarkeria erabiltze hutsak min ematen die gazteei. Horrekin batera, publikoki kriminalizatu egiten ditu, arazoak korapilatu egiten ditu eta hitzaldi publiko asko ezerezean uzten ditu.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.