Lokal komertzialen alokairuaren ordainketa erraztuko dituen akordioak lortzeko bitartekaritza zerbitzua

20-12 Bidasoa Bizirik

Abotsanitz eta Bidasoko EH Bildu.- COVID-19ak eta bere ondorioei aurre egiteko neurriek gure bizitzetan eragin zuzena izatez gain, ekonomian ere ondorio nabarmenak izan dituzte. Hala, Bidasoa bailaran ditugun enpresa txiki eta langile autonomo askok beraien jarduna eten behar izan dute eta beste askok itxiera eta mugimenduak murriztearen zeharkako kaltetuak izaten ari dira. Adibidez taberna, jatetxe, komertzio txikiak, bidaia agentziak, etab.ek berebiziko fakturazio murrizketak izan dituzte.

Langile autonomoek eta enpresa txikiek lanpostuak sortzeaz gain, hiriguneetako bizia eta idiosinkrasia mantentzen laguntzen dute. Aldiz, ohiko gastuen artean, beraien negozioa aurrera eramateko dituzten lokalen alokairua da ekidin ezin duten gastu nabarmenetako bat.

Erakundeetatik behin eta berriro aipatu da egoera honen aurrean egunean dugun ehun ekonomikoa mantentzea dela helburua. Enpresa txiki eta langile autonomoek beraien aktibitateak mantentzeko helburuz ezinbestekoak dira alokairuaren kostuak LAUSOTZEA eta ezinezkoa da administrazioetako diru-laguntzekin soilik hau burutzea.

Beraz, bailarako ikuspegi batekin, Abotsanitzek eta Bidasoko EH Bilduk bitartekaritza zerbitzu bat abiatzea proposatu dugu Bidasoa Biziriken. Honen helburua litzateke lokalen jabe eta maizterren arteko akordioak lortzea bizi dugun egoera honetan alokairuaren prezioa ez dadin izan negozioen itxiera eragingo dutenak. Zerbitzu honek doakoa izan beharko luke eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentzia lanketa hau egiteko erreminta egokia dela uste dugu.

Proposatzen den lanketa bitartekaritza egitea izanik, bi aldeak ados jartzen lagundu beharko litzateke. Jabeari jakinarazi beharko litzaioke negozioaren itxiera batek alokairuaren ordainketen amaiera ekarriko liokeela eta maizterrari bere aukeren araberako konpromisoak hartzea izango luke helburu. Honela, aldeen arteko adostasun eta hitzarmen bitartez bi aldeentzako egokiak diren neurriak hartzea lagunduko luke, betiere bide judiziala alde batera utziz.

Etiquetas: