Gazte Koordinadora Sozialistak deituta 300 lagun inguru bildu dira arratsaldean Irungo San Juan enparantzan Pablo Haselen espetxeratzea salatzeko. "Pablo Hasel askatu - demokrazia burgesaren aurrean proletargoaren askatasunak defendatu" lemapean burutu da mobilizazioa. Pabo Haselen kartzelaratzea salatu eta haren etxeratzea exijitzeaz gain, "proletalgoaren askatasun politikoen" defentsa eta errepresaliatu politikoen amnistia aldarrikatu dute mobilizazioan.
Proletargoaren askatasunaren defentsa
GKSk nabarmendu du "totalitarismora jotzen" dutela "aurkakotasun errealik ez duten bankari eta enpresaburuen kontrolpeko erregimenek". "Demokraziaren eredu burgesak" etengabe egiten die eraso "proletalgoaren oinarrizko askatasunei", GKSko kideen esanetan: "Proletalgoa kontrolatuta dago, kriminalizatuta, politikoki legez kanpo utzita eta pobreziara kondenatuta".
Pablo Haselen kasua, beraz, "oinarrizko eskubideen ezabapenaren adibide garbitzat" jo du GKSk, "zehazki, adierazpen askatasunaren ezabapenarena". "Askatasun politikoen gabezian", proletalgoaren "babesgabetasuna" larriagotu egiten dela nabarmendu du, gainera.
"Erregimen horiei aurre egiteko saiakerak gero eta gogorrago kolpatzen dituzte agintariek", salatu du. Horren adierazgarri modura aipatu ditu etxebizitzen okupazioa zigortzeko baliabideak nahiz polizia-baliabideak indartu izana, edota "langileriaren antolakuntza politikorako baldintzak ezabatu" izana.
"Askatasun politikoen auzia gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen" ari dela azpimarratu dute GKSko kideek, eta "sozialismoaren eraikuntzarako elementu bat gehiago" direla askatasun horiek. Pablo Haselen atxiloketaren harira, gainera, azpimarratu dute "Espainiako erregimen burgesaren aurka adierazteko askatasun eza" erakutsi duela jazarpen politiko kasu berri honek, eta "ezinbestekoa" dela "dominazio eta injustizia gertakariei aurre egitea eta, era berean adierazpen askatasuna defendatzea".
Amnistiaren aldarria
"Prozesu horretan amnistiaren aldarriak ere bere lekua hartzen du. Izan ere, burgesiaren erregimenari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten horien egoerari aurre egiteko aldarrikapen politikoa da amnistiarena", ondorioztatu du GKSk. "Amnistiaren gaurkotasuna defendatzen dugu".
Hortaz, dei egin du Haselen kartzelaratzearen aurka mobilizatzera. Azken egunetan hari "elkartasuna erakusteagatik zein polizia jazarpenari aurre egiteagatik errepresioa jasan duten guztiei" ere babesa adierazi die.
- Egutegia
- 469 irakurketak
- Castellano