Mugan heriotza bat gehiago ez

imagen

LAB Sindikatua.- Atzo goizean (larunbat honetan) beste pertsona bat hil da Irun eta Hendaia mugan. Biktima Boli-Kostako 40 urteko gizon bat zen, Bidasoa ibaia igerian zeharkatzen saiatzen ari zen, polizia-kontrolak saihesteko. 2021ean zenbatutako zazpigarren heriotza da, hilabete honetako laugarrena.

Migrazio politika, mugen militarizazioa, pertsonen zirkulazio askerako giza eskubidearen urraketa, etnia- eta arraza-profilaren araberako kontrol selektiboak, “beroan egindako” itzulketak eta Espainiako estatuko atzerritartasun-legea dira egoera honetako erantzule zuzen eta zeharkakoak. Ez dira istripu isolatuak, maizegi gertatzen dira. Gure herria bortxaz zatitzen duen muga, transitoan dauden pertsona migranteentzat heriotzaren muga ere bilakatu da.

LAB sindikatuak Hego eta Ipar Euskal Herriko administrazioek migrazio-zirkulazio horretan biktima gehiago saihestea eskatzen du. Egunero, hamarnaka pertsonek zeharkatzen dute muga hau, eta atxilotuak izatea ez da arrisku bakarra begi bistan dagoenez. Babes Europa delakoa arbuiatu eta salatzen dugu, milaka langile migratu eta arrazializaturen oinarrizko eskubideak ustiatzen eta urratzen dituen bitartean, politika hiltzaile eta zigorgabe baten esku uzten dituelako.

LABek heriotza hau salatzeko Irungo Harrera Sareak gaur (igandea) 12:30ean deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia luzatzen dugu, baita bihar astelehena Santiago zubian arratsaldeko 19:00tan egingo den mobilizazioan ere.

Bidegabekariarekin amaitu!

Migrazio politika arrazistek hil egiten dute!

Euskal Herrian, 2021eko azaroaren 21ean

Etiquetas: