Mobilizazio deialdi bateratu bat egin dute Bilboko), Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko Kontseilu Sozialistek. Bizitzaren garestitzea gelditu aldarritzat hartuta, manifestazioak antolatu dituzte hurrengo larunbaterako, martxoaren 19rako:
Donostia: Bulebarra (18:00)
Bilbo: Plaza Eliptikoa (18:00)
Iruñea: Sarasate pasealekua (18:00)
Vitoria-Gasteiz: Correos (18:30)
Bizitzaren garestitzea gelditu!
Errusiarekiko gorroto biziena zainetan dutenek ere galdetu diote beren buruari ez ote duten zigor ekonomikoek gehiago kaltetzen beren poltsikoa errusiar oligarkena baino. Agintariak prest atera dira jasaten ari garen prezioen igoerak ekarritako miseria hau nahitaezko eginbehar abertzale gisa mozorrotzera: Borrell etxeko berogailua jaisteko eskatzen errefuxiatuen izenean, Biden Hirugarren Mundu Gerraz hizketan, Ana Botin bere jauregian gradu pare bat jaitsiko dituelako harro (Espainiak Errusiako gasik apenas kontsumitu arren)… Zirku lotsagarria benetan. Ukrainan estatu-kolpe bat bultzatzean eta Errusiaren aurka egitean ez dugu inolako erabakimenik izan, baina orain denok estutu behar omen dugu gerrikoa ondorioak jasateko.
Era batera edo bestera, ukaezina da bizitzaren garestitzea (gasolina litroa 2 euroan, gasa lehen baino bost eta argia sei aldiz garestiago…), eta horren errua kanpoko etsai bati botatzea da soluziorik errazena. Inflazioaren zati handi bat –% 90 diote batzuek– energiaren igoeragatik dela esaten digute. Era berean, egia da Errusiarekiko harremana okerragotzeak gasaren prezioan ere eragin duela, uztailaz geroztik bereziki, eta argiaren prezioa hari lotuta doala. Baina prezio igoera hori Errusiaren aldebakarreko erabakia dela dioten albistegietako analisiak propaganda dira gehienbat. Egiaz, gasaren prezioaren igoera lehenagotik datorren joera bat da, eta faktore askoren ondorio da: Norvegiaren eta Errusiaren ekoizpen ahalmenaren jaitsiera, ikatzaren eskasia alternatiba gisa, Asiako eskariaren igoera… Pentsamendu burgesak, bere forma kaletar zein akademikoenetan, prezioen igoera unean-uneko fenomeno bati atxikitzeko araua du. Memoria apur bat eginda gogora ekar dezakegu prezioen igoera krisi logistikoaren ondorio zela esaten zen garaia (itsasontzietako edukiontzien arazoa, hornikuntza kateetako botila-lepoak… ) edo baita txip erdieroaleen eskasiaren ondorio zela esaten zen bolada ere.
Unean uneko gertaera horiek (gerra, hornikuntza, garraioa, pandemia…) prezioen igoeraren jatorri gisa hartu, eta igoera hori «kanpotik» datorren gaitz bihurtzen da. Finean, hondamendi natural baten moduko zorigaiztoko gertaera baten modura aurkezten da, burgesari zein proletarioari kalte berdina eragiten dien hondamendi gisa, hain zuzen. Halako zerbaiten aurka ezingo litzake salaketarik ez borrokarik antolatu. Ordea, errealitatean bizitzaren garestitze horren atzean dagoena soldata zuzenaren zein zeharkakoaren murriztapena da. Kapitalistek karga langileriaren bizkarrean jartzen dute prezioak igotzean. Bizitzaren garestitzea ez da gatazkaren jatorria, ondorioa baizik; Kapitalak lana erabat menperatua izateari esker langileriari inposatzen dion penitentzia, alegia. Inoiz baino gaurkotasun handiagoa hartu du orain arte herrialde garatuetan erabili ohi ez zen mekanismo horrek, preseski gaur egun duten irabazi-tasa inoiz baino eskasagoa delako. Irabaziak elkarri lapurtzeko gatazka amaigabean dauden oligarkia handiek ez dute apur horiek langileen alde sakrifikatzeko asmorik.
Egoera honen aurka borrokatzea eta antolatzea baino ez zaigu geratzen, egungo gauzen egoeraren aurka geroz eta jende gehiago batu dadin. Kontseilu Sozialisten larunbat arratsaldeko mobilizazioek ekarpen bat egin dezatela norabide horretan. Horren emaitza, baina, neurri batean behintzat, militanteon lanaren araberakoa izango da.
- 259 irakurketak
- Castellano