AHTren aurkako tartakaden epaiaren balorazioa

foto

Okzitaniako Tolosan buruturiko tartakaden ekintzaren epai probisionalaren ostean, AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak epaiketaren balorazio gazi-gozoa egiten du:

Alde batetik, epai honek AHTren aurkako mugimenduaren kriminalizazioan sakontzen duela salatu nahi dugu, azpiegitura honen inposatzaileen arduradunetako bat eskratxe gozo baten bidez seinalatzea agintearen aurkako atentatu larria dela kontsideratzen baita kartzela zigor handiak dakartzana. Bestaldetik, neurrigabeko epai honek inposatu nahi diguten Herritarren Segurtasunerako Lege berriarekin eta Zigor Kodearen gogortzearekin bat egiten du, geroz eta desprestigio handiagoa duen klase politiko ustela gotortuz eta era berean, kritika eta protesta kriminalizatuz.

Bestaldetik, hasiera-hasieratik mendeku gosez mugitu den Yolanda Barcina Anderearendako, auzipetuak gartzelara bidaltzea ez lortzea porrot politiko garbia da, gaur egun pairatzen duen ahultasuna ageriago utziz. Tolosako ekintza hura, azpiegitura honen aurka azken hogei urteko aurkaritza gogorraren baitan burutu diren hamaika ekintzen artean beste bat baino ez da. 

Horregatik, ekintza honek sorturiko morboaz harago, berau burutzea ekarri zuen benetako arazoa erdigunean berkokatu behar dela uste dugu. Epaiak atentatuz akusatzen ditu egileak eta AHTren arduradun baten aurkako erasoa egiteaz, baina lurralde honetan benetako erasoa AHT bera da, Euskal Herriaren historian inoizko azpiegiturarik suntsitzaileena eta xahutzaileena dena; honen erasoa itzulezineko kalteak eragiten ari da lurraldean, eta ez soilik pasatzen den tokietan; zor publikoan geroz eta gehiago sakontzen duen erasoa, gaurko eta biharko belaunaldien bizi baldintzak hipotekatzen dituena; jendarteak pairatzen dituen murrizketa sozialen eta prekaritatearen maila larriagotuz, boterean dagoen elitea eraikuntzaren pastela jaten duen bitartean eta beraien bezero-sareen bidez poltsikoak iruzur bidez potolotzen dituena; zuzenki kalteturiko herrien erabakitzeko eskubidea galarazten duen eraso onartezina, eztabaida soziala eragotziz, protestak indarrez indargabetuz eta aurkaritza kriminalizatuz; lurraldea desegituratzen duen erasoa, metropolizazioa areagotuz eta landa eremuak soiltzera zigortuz; gaur egungo trenaren aurkako eraso izugarria, baliabiderik gabe zulora daramatena baliabide guztiak AHTrendako desbideratzen dituztelako; eraso honek, gisa bereko azpiegitura desberdinen erasoekin batera, lurraren, herrien eta kulturen etsai handiena den kapitalismo globalizatzaile basatia ahalbideratzen dituztenak.

Noiz epaituko dituzte AHTren arduradunak delitu ekologiko larriengatik? Eta kalteturiko biztanleen bizi baldintzak larriki kaltetzeagatik? Auzitegien aurretik noiz pasaraziko dituzte AHT aurrera ateratzeko diru-kutxa publikoak espoliatzeagatik, funtsak bidegabeki erabiltzeagatik eta ondasun publikoen bereganatze okerragatik? Noiz izanen dira epaituak herriari galdetzeko eskubidea indarrez urratzeagatik eta azpiegitura honen aurrean bere erabakiak hartzea galarazteagatik? Ez dela sekula gertatuko uste dugu, eta hala balitz ere, epaia berriki atera duten Prestige kasuaren antzekoa izanen dela susmatzen dugu. Hau guztiagatik eta AHTren lanak bertan behera gelditu arte, herritarrei hainbeste erasoen aurrean menderatzen utzi beharrean desobedientzia bidez inposaketari erantzun diezaiotela eskatzen diegu. Oraindik garaiz gabiltza!

Azkenik, epaiketaren salaketan eta elkartasun kanpainan parte hartu duten milaka lagunei, Euskal Herrikoak zein nazioartekoak, publikoki gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu. Beraiei esker auzipeturiko lau lagunek kartzela sahiestea lortzeaz gain, AHTren aurkako protesta oihartzunak hamaika txokotara heltzea lortu dugu: informazioa zabalduz, kaleko protestetan parte hartuz, sostengu ekonomikoa emanez, egoera zailetan animatuz, etab. 

Honen harira, gogora ekarri nahi dizuegu epaiketa beraren gastu handiez gain, 3.000 euroko isuna eta epaiketaren kostuak gehitu behar zaizkiela, jarriko dugun helegitea galdu ez gero ordaindu beharko ditugunak gartzela sahiestearren. Hori dela eta, elkartasun ekonomikoaren deialdia berresten dizuegu beherago agertzen den kontu korrontean, eta bakoitzaren neurrian, ekarpenak egin ditzazuen.

MUGITU! MUGIMENDUA

http://mugitu.blogspot.com / www.tavtazo.org

Apoyo económico: 3035.0068.08.0680058591 (Laboral Kutxa)

Etiquetas: