-Euskal Herriko Bilgune Feminista-. Heteroarauari desobedientzia, ideietatik, teorietatik egunerokoan ditugun praktikei duten dimentsio politikoa emanez, arrakaletara. Arrakalak baikara: guraso bakarrak, lesbianak, bi guraso baino gehiagoko haurrak, harreman poligamiakoak dituztenak, ama izatea erabakitzen dugun bikote lesbianak, sexu langile transexuala, praktika sexual koitalak lehentasunezkoak ez ditugunak, praktika sexualen kategorizazioari ihes egiteko hautua egiten dugunak, lagun taldeak e.a. guztiok, patriarkatuaren oinarria den familia nuklearraren nagusitasuna eta gailentzen den harreman eredua ezbaian jartzen dugun arrakalak gara.
Baina jakitun gara, patriarkatuaren haitza urteetan errotutakoa dela eta bizi garen sistemakapitalista patriarkalean arau nagusia, inposatua, sozializatua eta eraikia beste bat dela:heteroarauarena, alegia. Gaur egungo jendartean, ugalketan oinarritutako sexualitate eredua da normala, ordenaren barruan dagoena. Ugalkortasuna irizpidetzat duen sexualitateak ordena eta menpekotasuna sortzen ditu; ugalketa ez ugalketaren gainetik jarriz eta ondorioz gorputz ugalkorra, desira ugalkorra eta plazer ugalkorra gainontzeko adierazpenen gainetik egonik, hemendik kanpo emango diren moduak eta adierazpen anitzak ez normalak, gutxituak izanik. Jendarte heterosexual eta heterosexuatzaile baten beharra du gure desira markatuz, norabidez, eraikiz, finean.
Sexualitate eredu honek kapitala eta patriarkatuaren aldetik “produktuen” erreprodukzioaren gaineko kontrola ekarriko du. Horretarako emakumeen ugalketa gaitasuna kontrolatu beharreko elementua izango da, beraz emakumeen sexualitatearen eta gorputzen kontrola ezarriko dute: monogamia, familia eredu patriarkalak, estigma, maitasun erromantikoa... etab. bitartez. Hau guztia hornitzeko familia eredu patriarkala eta maitasun erromantikoaren ideiak gure gorputzetan ezarriko dituzte, arauak askotan bertan izkiriaturik geratuko dira naturalak direnaren aitzakiarekin. Beraz, sistema honetatik eratorriko den eredu sexualaren ezaugarriak hauek dira: sexu bipolarren gainean eraikia, heterosexuala, genitala eta maskulinitatearen plazerera bideratutakoa.
Baina zailtasunak-zailtasun, gure sexualitatea askatasunez bizitzeko hautua egiten dugunok, harro gaude! Zergatik? Sistema patriarkal heterosexistak dituen horma zurrunetan, txirrikituak aurkitzen jarraitzen dugulako, gure praktika sexualak aztertu eta sexualitatea eredu berrietara jotzeko apustua egin dugulako, bizitzeko era indibidualak kolektibizatu ditugulako, horretan dago gakoa.
Sexualitateari, plazerari, dimentsio politikoa emateko saiakera erabatekoa izan dadin segi behar dugu. Sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean, arauen barnean sartzen ez ditugun praktikak iraultzarekin lotzen ditugu, horregatik gaude harro! Ez ditugulako praktika lesbianak arauaren barnean sartu nahi, araua bera deslegitimatu, praktika aniztasuna errealitatea bat dela ohartarazi eta denak erdigunean gaudela aldarrikatzen jarraituko dugu. Geroz eta ozenagoa da arau nagusitik kanpo kokatzen garenon ahotsa: Monogamiari hordagoa bota eta ostantzeko praktika askeak garatzen dituzten norbanakoak ere geroz eta gehiago gara. Sexualitate hegemonikoaren edozein arau haustek, bidean aurrera jarraitzeko ezinbestekoak ditugu: patriarkatuak sortu dituen kategoria hertsiak eta mugatuak gailendu, eta aniztasuna oinarri duen jendarte baten beharra geroz eta ageriagoa da. Zentzu honetan, jendarte feminista baten alde lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta honetan herritar orok badugu zer egina.
Egunerokoan heteroaraua desobeditzen jarduten dugu, muxu, begirada, koxka, masaje, mimo, laztan bakoitzean arautua desobeditzen, arrakalak eragiten. Ekainaren 28a borroka eguna dugu, beraz, egingo diren mobilizazio eta ekintzetan parte hartzeko deia zabaltzen dugu.
HETEROARAUARI DESOBEDIENTZIA!!
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1449 irakurketak
- Castellano