Oarsoaldea, Bidasoa eta Donostiako AHTren aurkako taldeek Lezo-Gaintxurizketan Apaiziartza baserriko lurrak lantzen dituen taldeari elkartasuna adierazi eta azken hilabeteotan jasaten ari den erasoak salatzen ditugu.
Apaiziartzan lurrak lantzeko proiektu kolektiboa duela bi urte jarri zen abian, hain zuzen ere Gaintxurizketako baserri lurrak proiektu txikitzaileen aurrean defendatzeko helburuarekin. Izan are, Gaintxurizketan garraioaren zerbitzurako poligonoen hedapen bortitza planifikatu zuen aurreko diputazioak, Jaizkibelgo Superportuarekin batera, eta Jaurlaritzak gaur egun AHTren egitasmoari loturiko plataforma logistikoa eraikitzeko asmoa du. Hori gutxi balitz, Gaintxurizketan osotara 200 hektareako “parke logistiko-industrial” baten ezarpena aurrikusten zuten Donostialdea-Bidasoa Behea Zatikako Lurralde Planak (PTP) eta Donostia-Baiona Eurohiriaren azpiegituren arloko egitasmoek. Horrek nekazaritzako ingurune baliotsu honen eta 20ren bat baserriren suntsiketa ekarriko luke.
Horregatik, Apaiziartzan eta Gaintxurizketako Errekalden aurreko diputazioak erositako lurrak lantzeko ekimen kolektiboa jarri zen abian orain dela bi urte; eta geroztik egindako lanari esker hiru kontsumo talde hornitzen dira egun Gaintxurizketa inguruan landutako baratzetatik, Lezoko lur horiek nekazaritzarako duten balio handiaren erakusle.
Azken hileotan, ordea, Apaiziartzako lan-taldea etengabeko erasoak eta mehatxuak jasaten ari da. Egoera larri honen aurrean, Gaintxurizketan proiektu txikitzaileak errefusatzeko lurrak landuz aurrera eramaten ari den ekimen kolektiboari gure sostengua ematen diogu eta eraso horiek gelditzeko deialdiarekin bat egiten dugu.
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1326 irakurketak
- Castellano