Kalapie hiriko txirrindularien elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari aurrekontu handiagoa eskatzen dio

Kalapiek, 25 urte hauetan zehar, bere jarduera mugikortasun iraunkorra laguntzera bideratu du. Hortaz, ingurumena errespetatzen duten garraiobideak erabiltzearen alde gaude: oinez, bizikletaz edo garraio publikoan ibiltzea. Azken batean, gure jarduerak bizikleta garraiobide ekologiko, osasungarri eta merke gisa bultzatzeko helburua du.

Orain dela urte batzuk utopikoa zirudien planteamendu hau gaur egun guztiz onartua dago gizartean eta inork ez ditu abantailak zalantzan jartzen. Gainera, Gipuzkoako Lurralde Historikoko herrien arteko distantzia txikiak oso egokiak dira bizikleta erabiltzeko, 7 kilometrotik beherako ibilbideetarako bizikleta baita garraiobide eraginkorrena.

Jasaten ari garen krisialdi ekonomikoaren ondorioz, alde batetik, bizikletaren erabilera erritmo onean hazten ari da; aski da gure Lurralde Historikoko txirrindulari kopuruaren igoera ikustea. Baina, bestetik, krisialdiaren ondorioz, erakundeek bizikleta azpiegituretarako eta bizikleta sustatzeko esleitzen dituzten aurrekontuak are gehiago murriztu dira. Beraz,         une aproposa izan daiteke gure mugikortasunari buruz hausnartzeko eta bizimodu osasungarriagoen aldeko apustua egiteko.

Azken urte hauetan zehar, Gipuzkoako Foru Aldundiari ikuspegia aldatzeko beharra eta mugikortasuna ekologia nahiz ingurumena errespetatzen duten garraiobide osasungarrietarantz bideratzeko beharra ikusarazi nahi izan dizkiogu, auto partikularra ez dadin beti funts publikoen onuradun ia esklusiboa izan.

Azkenaldian aurrerapauso garrantzitsuak eman dira norabide onean: Batzar Nagusietan 2013. urteko Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala aho batez onartu izana; 2014. urtean zehar Gipuzkoan Bizikletaren Plan Estrategikoa prestatzeko egindako lana; Udalei eta Txirrindulari Elkarteei emandako laguntzak; edota txirrindulariek behin eta berriro eskatutako Donostia-Lasarte bidegorria egiteko lanen hasiera, besteak beste.

Hala ere, nahiz eta hobekuntza txiki hauek egin diren, azken urteotan bizikletarekin lotutako inbertsioek hainbesteko beherakada jasan dute, non ez badira guztiz aldatzen, ezinezkoa izango den orain dela urte eta erdi soilik Gipuzkoako Batzar Nagusiek GBBLPS onartzean ezarri zituzten helburuak betetzea.

Hain zuzen, beheko grafikoan ikus daitekeen den bezala, 2008. urtean 14,6 milioi euro inbertitu ziren, eta 2014. urtean berriz 5,8 milioi euro besterik ez. Gure ustez, inbertsio hau eskasa baino eskasagoa da, 2014ko aurrekontuak aurreko urtearekin konparatuz gorakada txikia ekarri badu ere.

Era berean, ikus daiteke 2008ko gailurretik aurrera joera argi eta garbi beheranzkoa izan dela, azken urteotan bizikleta erabiltzaileen kopurua nabarmen igo den arren.

Behin datuak aztertuta, ondoriozta dezakegu txirrindulari kopurua 5 urtetan (2008tik 2013ra) bikoiztu dela, eta inbertsioak berriz behera egin duela, gaur egun, 2008koarekin konparatuta, erdia baino gutxiago izatera iritsi arte.

Hala da, legegileek Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialaren 5.3.4 kapituluan diotenaren arabera: “GBBLPSren jardueren kostu osoa, bi laurtekoetan, 118 milioi euro inguru da, urteko 14,7 milioi euro gutxi gorabehera”. Aldarrikatzen dugun inbertsioaren hazkundea ez da hortaz Kalapieren eskaera bat, baizik eta foru arau bera betetzea: foru arau hori betetzeko 14,7 milioi euroko inbertsioa egin beharko litzateke. Eta, kontuan hartuta lehen bi urteetan jada ez direla aurreikuspenak bete, inbertsioak are handiagoa izan beharko luke.

Horrez gain, eskatzen dugun zuzkidura handiago honen bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak bizikletaren sustapenean lagundu lezake 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren proiektuari begira.

Aurten faktore berri bat hartu behar dugu kontuan: Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontuak onartu ez dituenez, Aldundiak aurrekontu sail ezberdinak alderdi politikoekin negoziatu beharko ditu Batzar Nagusietan.

Horregatik guztiagatik, bai Gipuzkoako Foru Aldundiari bai gainerako alderdi politikoei eskatzen diegu 2013. urtean onartu zutenarekin koherente izatea eta gure lurraldean bizikleta azpiegituretarako nahiz bizikleta sustatzeko eurek ezarri zuten zenbatekoa esleitzea. Erabaki horrek gipuzkoarren osasunari, ekonomiari eta ingurumenari on handia egingo lioke.

Etiquetas: