UPN eta bere bazkide PSN Nafarroan gobernatzen zutenean Abiadura handiko trenaren plataforma inposatu ziguten Sustapen ministerioarekin egindako hitzarmen jasanezin baten bidez. Horrekin pozik ez eta orain oposiziotik, UPN-k PPrekin Madrilen Alesbes eta Erriberriren arteko lanen berrastea eta Iruñea - Euskal Y-ren tartearen informazio publikoaren abiarazpen prozesua negoziatu ditu.
UPNk ebazten du, inor baino hobeki ezagutzen bait dute Nafarroarendako zer den “ezinbesteko”. Adibide asko utzi dute: Los Arcos-ko zirkuitoa, Logroñoko autobidea itzalpeko sari jasangaitzaren bidez ordaindua, Nafarroako ubidea zorpetua, Arena pabiloia,...Horretarako, Nafar parlamentuak har lezakeen erabaki edota Nafarroak behar duen tren ereduren inguruko eztabaidaren gainetik jauzi egiten du, nahiz eta orain arte nafar gobernuak eztabaida hau erabat gelditu duen.
Eta hau guztia errentagarritasun ekonomiko ezta sozialaren inguruko inongo ikerketarik gabe. Zertarako? Agian, orain arte egindako taxuzko ikerketa guztiek eraikitako edo eraikitzen ari diren abiadura handiko proiektu guztiek sekula berreskuratuko ez den diru kopuru itzelak gastatzen dituztela ondorioztatzen dutelako? Bere ustiakuntzan ere diru laguntza publikoak behar dituztelako? Gastu ikaragarri honek bakar bakarrik diru gehien duen populazioaren zati txiki batendako baliagarria delako? Merkantziak eramateko gauza ez direlako? Eraikuntzan zein funtzionamenduan energia kopuru itzelak xahutzen dituztelako? Batez ere eraikuntza enpresak aberasteko sortuak izan zirelako? Lurraldea banatu eta txikitzen dutelako?
UPN eta PPren salbamendu operazio hau gelditu behar da mugikortasun eta Nafarroako trenari buruzko eztabaida prozesuaren berehalako hasieraren bidez. Egun, eztabaida hau Nafar gobernuak gelditu du berau sostengatzen duten beste hiru indar politikoren isiltasun konplizeaz baliaturik. Gogorarazi nahi dugu gobernuko programa hitzarmenean ez dagoela batere baztertua AHTren eraikuntza, anbiguotasun kalkulatua nagusi bait da. Hori dela eta, azpiegitura honen aurka dauden alderdiei proiektu suntsitzaile honi segida emanen dioten ezein negoziaziori uko egitea eskatzen diegu, UPNk edo egungo gobernuak bideratua izan.
Halaber, azpiegitura honen aurkariei erne egoteko dei egiten diegu , Nafarroako AHTaren eraikuntza aldi baterako geldirik izan arren ez bait dago inolaz ere baztertua. AHT Gelditu Elkarlanatik espero dugu UPNk botatako hordago honek balio izatea mugikortasun eta tren beharrei buruzko benetako eztabaida bat zabaltzeko, 2010ean sinatutako hitzarmen zaharkitua edota populazioari bizkar emanaz egindako negoziazioak baztertuz.
AHT Gelditu! Nafarroa
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1169 irakurketak
- Castellano