ADOSTU… NORK, ZER, NOLA, NOIZ …

Urtarrilean AHTa Bilbon, Gasteizen eta Donostian nola sartuko den adostu zela helarazi ziguten eta otsailaren erdialdera berresteko asmoa dutela. Ohiturei jarraiki, AHT Gelditu! Elkarlanari adostasunik ez dagoela deritzogu zeren Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako gobernuak AHTren hiriburuetarako sarbideak adostu dituztela esan arren, beraiek egin dutena ez baita izan benetako adostasuna.

NORK. Egin dutena ez da izan beraiek dioten bezala herritarroi onura ekarriko digun proiektu bat adostea, baizik eta beraiei poltsikoak betearaziko dizkien tarta banaketa adostea izan da egin dutena. Herritarron onurarako dela dioten proiektu erraldoi hau adostu ahal izateko, ezinbestekoa da herritarroi galdetzea eta ez dute inoiz egin ezta egiteko asmorik adierazi ere.

ZER. Informazio eskasia dugu eskuartean. Jakin nahiko genuke lurraren azpitik pasa asmo duten eta etxebizitzak dauden lekuetan zenbatek duten honen berri … Hau bezala, beste hainbat eta hainbat datu ezinbestekoak dira AHT bezalako megaproiektu batean. Muntai bat edo beste egin dituzte eta horrekin nahikoa delakoan!

NOLA. Zeinen kontura? Madrilek ordaintzen duela aipatzen duzue. Noski, Madril esatean, hor geu ere ordaintzen ari gara … Baina era berean, kontutan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak ordaintzen badu oraindik eta diru gehiago jartzen dugula. Eta ez da ahaztu behar, zer-nola Madrilek ordaintzen badu eta hemendik kudeatzen bada, hor kudeaketarako kostu guztiak Erkidegoak ordaindu behar dugula geure poltsikotik. Honen inguruan, ez digute esan nola “adostu” duten …

NOIZ. Berrespena noiz alkateekin? Otsaila erdialdera aipatu da baina badaezpada ez da egun, ordu ezta lekurik helarazi. Herritarrok bertan egotea ezinbestekoa dela deritzogu zeren ohiturei jarraiki inposaketa hutsa izaten jarraitzen du eta gure ezezkoa salatzeko eskubidea izan beharko genuke. Oso polita jartzen dute ondorenean aurkakotasuna inondik inora helarazi gabe!

Hau guztia etsigarria izanik ere, muturren aurrean edukiko gaituzte gure ezezkoa esanez zeren A. Tapiak 2023tik aurrera AHTa martxan egoteko aipamena egin arren, geuretzat ez du esan nahi amaitua egongo litzatekeenik. AHT bezalako proiektuak ez dira inoiz amaitzen zeren orain arte inbertitutakoarekin zorrak hor izatearekin batera, izugarrizko mantenu kostua du eta EKOPOLek berriki kaleratutako txostenak dioen bezala, zerbitzuaren ustiapena defizitarioa izango da . Horrenbestez, azpiegitura honek datozen belaunaldiak hipotekatuko ditu. Honekin batera, energia ugari xahutzen du gutxi batzuen mesedetan,lurra artifizializatzen du, uhin elektromagnetikoak zein soinua jasan beharko litzateke hainbat lekutan …

Beraz, otsaila erdialdera egin asmo duten Espainiar Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta hiru hiriburuetako alkateen arteko bileran herritarron parte hartzea egongo ez dela jakinik, GEZUR hutsa deritzogu ADOSTASUNA dela esatea.

Herriak bizirik, AHT ez!

AHT Gelditu! Elkarlana

Etiquetas: