500 euroko isuna 10 hektarea txikitzeagatik

Zaldunborda txikitutaAbotsanitz.- Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak 500 euroko isuna ezarri dio Higertoki SL enpresari “zuhaitz mozketa eta betelana egin duelako Zaldunbordan, dagokion udal baimenik gabe”. Abotsanitzek salatutako ekintza hura arau-hauste arintzat jo du Sagarzazuk, eta legeak zehazten duen zigorrik txikiena ezarri dio enpresari.

Gertaera 2019ko ekainean jazo zen. Megaoutleta eraiki nahi duen enpresak Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoan udal baimenik gabe 100.000 koadroko azalera bat txikitu eta betelan bat egin zuen. Abotsanitz Udal Taldeak uztailean salatu zuen gertatutakoa, eta horren ondorioz, udal arkitektoak txostena idatzi zuen, salatutakoa berretsiz. Urrian alkateak lanak “klandestinoak” zirela onartu behar izan zuen, baina “legeztagarriak” izan zitezkeela gaineratuz.

Otsailaren 27ko data duen 449/2020 dekretuan Higertokiren lege-haustea arintzat jo du alkateak. Lurzoru eta Hirigintzari buruzko Euskal Legearen arabera, lege-hauste arinek 500 eta 5.000 euro bitarteko zigorrak jaso ditzakete. Hau da, arintzat jotzeaz gain, jarri dakiokeen zigorrik baxuenarekin zigortu du alkateak Higertoki.

Abotsanitzek argi du enpresak egindakoa gutxienik 5.000 eta 50.000 euro bitarteko zigorra mereziko lukeen arau-hauste larria izan zela. Izan ere, legeak larritzat jotzen dituen arau-hausteen artean honakoa dago: “Lurrak mugitzea eta lurpeko erauzketak egitea lizentziarik, urbanizazio-proiekturik edo, hala badagokio, eskumena duen administrazioaren baimenik izan gabe”. Horregatik, alkate-dekretua errekurritu egingo dugu, zigorra askoz handiagoa beharko lukeela uste dugulako.

Alkateak berriro agerian utzi du lehen eta bigarren mailako hiritarrak daudela, eta Higertokik erabateko askatasuna duela Zaldunbordan nahi duen guztia egiteko (zuhaitz mozketa, eraikin ilegala, errepidea mozteko baimena alternatibarik gabe…) Batetik, Abotsanitzen salaketarik gabe udal teknikariak ez zuen txosten batean jasoko Higertokik lizentziarik gabe 10 hektarea suntsitu zituela. Bestetik, alkateak “klandestinoak” ziren lan horiek legeztatu egin zituen. Eta azkenik, orain jakin dugu legeak baimentzen duen zigorrik txikiena jarri zaiola enpresari.

Etiquetas: