Dozenaka lagun kalera atera dira Irunen M8 honetan Itaiak deituta

Martxoaren 8an kalera ateratzera deitu zuen Bidasoako Itaiak, eta 120 pertsona inguru bildu dira gaur arratsaldean JJose Ramon Amunarriz plazan (Irungo epaitegi aurrean), "Emakume langileon interesen defentsan lege burgesa borrokatu" lelopean, Emakumeen Antolakunde Sozialistaren deialdiari erantzunez.



Itaiak azpimarratu du egun garrantzitsua dela gauden Martxoak 8a, beste behin ere beharrezkoa iruditzen zaigu Itaiako kideoi emakume langileok egunerokotasunean pairatzen dugun miseriaren aurkako salaketa lehen lerroan ipintzea. Honela, ulertu beharra dago bizi eredu konkretu hau errealitate sozialaren ondorio dela, errealitate hau klaseetan banaturiko gizartea izanik eta beraz, kapital metaketari azpiratua geratzen den zapalkuntza izanik generoarena.

Sistema honen garapenarekin, hasiera batean ekoizpen sozialetik at geratu zen emakume langilea, deborarekin lan merkatuan txertatua izan da. Baina honek gure emantzipazio orokorra suposatzeaz urrun, zapalkuntza bere horretan mantentzen du, soilik forma aldatuz. Hala ere, emakume langilea bere zapaldu egoeraz jabetzea ahalbidetu dio ekoizpen sozialean parte hartze honek. Honen aurrean, kapitalismoak behar bat garatu du bere interesak eta bere boterea kolokan jarri ahal duen masa mugimendu oro kontrolatzeko, hauek Estatuaren logikara integratuz. Honen izenean egiten diren saiakerek ez dute inundik inora emakume langileon zapalkuntza gainditzeko borondaterik, eta aurpegi zuriketa besterik ez ziren izango hauek zabaltzen dituzten posizio zein aldarriak.

Laburbilduz, emakume proletarizatuenen bizi eredua, ekoizpen eredu kapitalistan, lan harreman penagarriek eta familiako lan kargak definitzen dute, beti ere krisiaren ondorio izango diren bizi baldintzen kaskartzea gehituz. Egoera honen aurrean  urgentziazkoa ikusten dugu emakume langileon interesak oinarri hartuko dituen proposamena garatzea, klase jabedunarenak alboratuz eta unibertsaltasunaren printzipioa oinarri gisa edukiko duena. Honetarako, ezinbestekoa da emakume langileak subjektu iraultzailearen oinarrizko parte gisa jardungo  duten militante aktibo izatea. Era berean, lanean jarraitu beharra dugu, ez soilik lege burgesa borrokatzeko, baizik eta emakume langileon elkartasuna eraiki, gure lan zein bizi baldintzak hobetu eta gaitasun politiko garatzeko.

Etiquetas: