EH Bildu.- Batzar Nagusietako osoko bilkuran, EH Bilduk ebazpen-proposamen bat aurkeztu du Eusko Jaurlaritzari Bidasoako eskualdeko ospitaleko obrek Irun, Hondarribia eta Bortzirietako osasun-zerbitzuan izango dituzten eraginak argitzea eskatzeko. Zehazki, Osakidetzari eskatu diogu bloke kirurgikoa berritzeko lanak ez hasteko, harik eta langileekin erreforma obren helburuak eta ondorioak adostu arte.
Langileek publikoki salatu duten moduan, zerbitzu batzuk behin betiko kendu nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, Anatomia Patologikoa esaterako, hain inportantea dena bertan edukitzea hainbat ebakuntzetan. Juan Karlos Izagirre EH Bilduren bozeramilearen esanetan, «hau ere ez da nobedadea, gertatu da beste ospitale batzuetan, Arrasateko ospitalean, esaterako, eta zerbitzuak ospitale bakar batean zentralizatu nahi dituzte”.
Horren aurrean, EH Bilduren jarrera azaldu du Izagirrek: «Guk ez dugu konpartitzen zerbitzuak zentralizatzeko estrategia, eskualdeko ospitaletan zerbitzuak kendu, Donostiakoan pilatzeko».
Bidasoako Ospitaleko planifikazio faltaren aurrean, gogoratu behar da EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean eskatu duela Plan Funtzionala egitea. Gipuzkoako EH Bilduren bozeramailearen hitzetan: «Erantzuna izan da lantzen ari direla. Obra dagoeneko adjudikatuta dagoenean eta obra aurreko egokitzapen-obrak hasiak direnean. Eta orain arte ezagutu dugunagatik, plan honek obrari buruz zehaztapenak bai, baina ze osasun publiko eskaini nahi den edo Bidasoalderako osasun-planifikazioari buruz ezer gutxi».
Laburbilduz, pazienteen segurtasunerako plangintza falta da, Plan Funtzionala ez dago eginda, langileekin ez da hitz egin, herritarrei ez zaie informaziorik eman eta, hala ere, obrak martxan daude.
Hauek horrela, osoko bilkuran, eskaera zehatza egin du EH Bilduk: obrak ez hastea irizpide guztiak aztertu arte eta langileekin adostu arte. Helburua zintzoa eta garbia izan da, alegia, Ospitaleko jarduerari eta pazienteei ahalik eta kalte txikiena eragitea.
EH Bilduren ebazpen-proposamena oposizio osoak babestu du, baina EAJ-PSEk proposamena baztertu dute.
- Egutegia
- 257 irakurketak
- Castellano