Lehenik eta behin gogora ekarri nahi ditugu deserrian dauden euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak. Guk babesa, elkartasuna, miresmena eta maitasuna helarazten dizkizuegu. Maite zaituztegu! Kalean nahi eta behar zaituztegu.
Kongresu prozesua amaitu da. Galdera argia zen: nola irabaziko dugu? Gazteon arazoetatik abiatuta nola piztuko ditugu borrokak? Nola sakonduko dugu proiektu alternatiboen eraikuntzan? Nola hauspotuko dugu independentziaren aldeko bidea gazte eremutik? Eta azkenik, hori egin ahal izateko, nola antolatuko gara Ernaiko kideok? Galdera horietatik abiatuta, ahalik eta erantzunik eraginkorrenak emateko ariketa kolektiboa egin dugu, garaipenaren belaunaldia izateko oinarriak jarri ditugu.
Garaipenaren belaunaldia garela diogu. Ez harrokeriaz, ezta kea saltze aldera ere. Asmatzen baldin badugu eta eztabaidatutakoa bururaino eramaten baldin badugu, hala izango garen ziurtasunez diogu. Gure aurretik lan egin duten belaunaldiek amestutako herria eraikitzeko eta bizitzeko aukera erreala dugulako. Eta hala egingo badugu, gazteok izan beharko gara motorra.
Gazteok lehen mailako protagonistak izan gara herri honen askapen prozesuan. Orain 80 urte milaka izan ziren altxamendu frankistaren aurrean hortzak erakutsi zituzten gazteak. Gorri, separatista eta traidore izendatu gintuzten eta gu suntsitzen ahalegindu ziren, nazien laguntzaz Gernika, Durango eta Otxandio bonbardatuz. Horren harira, gogora ekarri nahi genuke gaur betetzen direla 78 urte gerra zibileko azken partea idatzi zutenetik. Behin betiko irabazi zutela uste zuten. Inozoak. Zortzi hamarkada ondoren, argi eta ozen esan nahi diegu sarraski hori egin zutenen oinordeko politikoei: ez zarete pasako!
60. hamarkadan Euskal Herria lozorrotik esnarazi zuen gazteri berriak. Askapen nazional eta soziala uztartuz, Euskal Herri Langilea jarri zuten erdigunean. “Gazte eroak” deitu zien Joxe Azurmendik. Jokalekua irauli zutelako, ezinezko zirudiena posible eginez eta eraitsi ezina zirudien diktadura frankistaren zutabeak hankaz gora jarriz. Euskal nortasun eta kultura berpiztu zituzten, besteak beste, hamaika ikastola martxan jarriz. Ezagunak dira abestu izan ditugun protagonisten izen abizenak. Guk gaur itzalean lan nekaezina egin zuten horiek ekarri nahi ditugu gogora: protagonista horiek elikatzen, janzten eta haien arropa garbitzen zuten horiek, baita inposatutako rolekin hautsiz lehen lerroan aritu ziren Karmele Aierbe, Itziar Aizpurua, Arantza Arruti, Izaskun Larreategi, eta beste hamaika euskal emakume langile ere! Ezinbestekoak izan zarete!
80. hamarkadan trantsizioa deitutako iruzurrari aurre egin zioten orduko gazteek. Euskal Rock Erradikalaren erritmopean, haustura demokratikoaren aldeko hautua egin zuten. Gaztetxe eta gazte asanbladak piztu, irrati libreen bidez ahotsik gabekoei ahotsa eman, Lemoiz gelditu, jai alternatiboak antolatu, soldaduskaren aurrean intsumitu… drogaren bitartez lokartzen saiatu baziren ere, ez zuten euskal gazteriaren askatasun egarria zapuztu. “Dena lotuta eta ondo lotuta” utzi nahi bazuten ere, zutik jarraitu zuten Zona Especial Norte deitu zioten herri honetan. Ondoren etorriko dira nazio eraikuntzaren aldeko apustu irmoa eta E egunaren zain egon gabe gaurdanik amesten dugun Euskal Herriaren gauzapena. Tartean gazte antolakundeen nazio erakundetzea.
Horren aurrean estatuen erantzuna argia izan da: ilegalizazioak, atxiloketak, torturak… ezin izan dute askatasunaren aldeko borrokaren haria eten ordea. Beraien indar politiko, mediatiko, ekonomiko eta militar guztiak erabili arren, ehunka gazte asanblada jarri dira martxan, OTANi ezetz esan zitzaion, Lemoiz gelditu da, derrigorrezko soldaduska behin betiko amaitu da… oztopoak oztopo, hainbat garaipen lortu dira. Borrokak merezi izan du eta gazte matxinadak aurrera darrai!
Hainbat garaipen lortzeaz gain, gure helburuak lortzeko baldintza paregabeak lortu dira: komunitate izaera sendoa dugu, egungo marko juridiko-politikoa agortu egin da, PP eta PSOE geroz eta testimonialagoak dira, gehiengo sindikal independentista eta borrokalaria… Are gehiago, ereindako haziaren uzta jasotzen ari gara gaurdanik. Horren erakusle, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan Iraultza jakobinoaz geroztik lehen aldiz instituzio propioak ditugu eta Nafarroan ia 40 urte ondoren erregimena eraisten ari gara. 40 urteko borrokaren ondoren apartheid linguistikoaren, Opus Dei-aren, Guardia Zibilaren eta patronalaren erregimena kanporatzen ari gara. Bidaliko zaituztegun eguna ospatuko dugu!
Ausardiaz, irudimenez eta konpromisoz, herritik, herriarekin, herriarentzat eta herri izanez, sekulako lana egin da eta sekulako baldintzak sortu dira. Hankak lokatzetan, uneak eskatutako moldeak eta estrategiak garatuz. Zentzu horretan, gure esker ona adierazi nahi diegu gure aurretik lanean aritu diren askatasunaren aldeko gazte borrokalariei: eskerrik asko egindako lanagatik, eskerrik asko egindako borrokagatik! Askatasun haizea zarete!
Aurrera begiratzeko garaia da. Iraganaz ikasi eta bestelako orain eta etorkizuna eraikitzekoa. Erresistentziatik eraikuntzara, baldintza horiek aprobetxatu eta proiektu politikoa aldarrikatzetik gauzatzerako urratsa egitea. Hori da, beraz, gure erronka.
60 urte ondoren, orduko gazte eroen irakurketa eta hipotesi estrategikoak sekula baino egunerokotasun handiagoa du. Kapitalismoaren ondorioak agerikoak dira: zabor kontratuak, enplegurik ezean ikasketak luzatzen aritu beharra, debalde egin beharreko lan praktikak, LOMCE, Heziberri edota “3+2” bezalako hezkuntza erreformak, etxebizitza eskubidea utopia bilakatu izana, ikasketak eta lana uztartu beharraz, kaleratzeak edo lan istripuak. Gogora ekarri nahi ditugu gaur ere, aurten kapitalismoak erail dituen 13 langileak. 13 langile 3 hilabetean. Guk bizi egin nahi dugu ez iraun. Guk bizi egin nahi dugu!
Prekarietatea da eskaintzen diguten bakarra. Bizitza bera mehatxupean dago. Rosa Luxemburgoren esaldia gogora ekarriz, kapitalismo basati honen aurrean auzia argia da: “Socialismo o barbarie!”.
Kapitalismoak ezinbesteko bidelaguna du patriarkatua. Bizitzaren sostengu izango diren eta inolako aitortza sozial nahiz ekonomikorik izango ez duten lanak doan egingo dituen emakume otzan, goxo eta pribatuak, alegia. Gure buru eta gorputzen gain erabakitzeko aukera ere ukatu nahi zaigu. Ez dute lortuko: gurea da gorputza, gurea da erabakia! Euskal Herri feminista eraikitzera goaz!
Bide horretan sakontzeko Euskal Errepublika burujabea behar dugu, besteak beste. 78an “dena lotuta eta ondo lotuta” utzi zuten, Espainiaren batasun sakro-santikoa, ordura arte jaun eta jabe izandako familia oligarkikoen agintea eta militar nahiz elizaren boterea indarrean mantenduz. Orain antzerako operazio bat egitekoak dira, zerbait aldatuz funtsezko ezer aldatu ez dadin. Nahikoa da, ezin dugu segundo bat gehiagoz gure orain eta etorkizuna Rajoy eta gainontzeko lotsagabe koadrilaren esku utzi. Horren aurrean, nahia, beharra eta aukera erreala delako, gu Euskal Errepublika eraikitzera goaz!
Ernaitik jada hainbat urrats egin ditugu proiektu horren gauzapenean. Txinaurrien filosofia oinarri, lan oparoa egiten dugu kolektiboki: aurrekoen lekukoa jaso eta gazte antolakunde oso bat eraiki dugu hutsetik, asanbladak astindu ditugu, borroka zehatzak piztu ditugu eta gaurdanik gure nahi eta beharrei erantzungo dieten alternatibak eraikitzeko oinarri sendoak jarri ditugu. Argi eta ozen diogu: harro gaude egindako lanaz, harro gaude egindako borrokaz, harro gaude Ernaiko kide izateaz!
Asko egin dugu eta asko egitera goaz. Kongresuan erabakitakoaren bidetik, eraikuntzaren bide horretan sakontzea da gakoa, egunez egun boteretzean eta burujabetzan sakonduz, herri eta gazte gisa geure buruaren gain eremu orotan erabakiz eta erabaki horiek gauzatzeko ahalmen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala gureganatuz. Hori da erronka. Hori kontuan izanik, hainbat egiteko ditugu parez pare.
Gazteok jasaten ditugun arazoak erdigunean jarriz, gure bizi baldintzak hobetzeko borroka zehatzak piztu eta horiek irauliko dituzten proiektu alternatiboak gauzatu behar ditugu. Bide batez, emantzipatu eta eskubide ororen jabe lan, ikasi eta bizitzeko hautua egiten duen gehiengoa horretarako independentziara bidean jarri behar dugu, egungo markoaren mugak agerian utziz eta berauek gaindituz. Bide horretan ahalik eta ekarpenik txukunena egin ahal izateko, antolatzeko eta funtzionatzeko eran adostutako aldaketak gauzatu behar ditugu. Barne demokratizazioan sakonduz, nazio estrategiaren baitan Ipar Euskal Herriko kideekin elkarlanean arituz eta antolakunde feminista izateko planteatutako neurriak aplikatuz, pausoan egindako bidea bezain garrantzitsua baita bidean egindako pausoa. Esatetik egitera, praktikan feminista izango den lehen gazte antolakundea eraikitzera goaz!
Honenbestez, enpatia, horizontaltasuna, elkarlana, entzuteko gaitasuna, umiltasuna edota konpromisoa bezalako balioak oinarri, hankak lokatzetan, txinaurri lanean jarraitu behar dugu. Denon ekarpena ezinbestekoa izango da. Lan militantea, azken batean.
Che Guevarak zioen bezala, munduko edozein puntutan edozeinen kontra gauzatutako injustiziak min egiten digulako, gure egiten dugulako eta horren aurrean antolatzen garelako. Bizitza lerratzea baita. Guri min egiten digute egunero gosez hiltzen diren milaka haurrek, min egiten digu gerraren ondorioz ihes egin nahian dabiltzan errefuxiatuen egoerak, min egiten digu Altsasuko Adur, Jokin eta Oihan Madrilen kartzelaratuta egoteak. Min egiten digu.
Ez gara salaketan eta erresistentzian goxo gauden kideak ordea. Guk egungoari aurre egiteaz gain, berau iraultzeko antolatzen gara. Patriarkatuari autodefentsa feministaz erantzuten diogu; ikasleok eta gazteok espainolizatu nahi gaituztenen aurrean guk euskaraz hitz egiten dugu, Euskal Herri osoa korrikan igaroz; gazteok jasaten dugun prekarietatearen aurrean proiektu alternatiboak eraikiko ditugu; atxiloketa saiakeren aurrean guk herri harresiak eraikitzen ditugu eta presoak askatzeko harresiak bota; hezkuntzaren pribatizazioaren aurrean guk jakintza kolektibizatu eta hezkuntza eredu propioa eraikiko dugu; errefuxatuak pelotazoka jasotzen dituen Europar Batasunaren aurrean, guk, Bego eta Mikelek egin zuten legez, desobedientziaz Euskal Herrira ekarriko ditugu; erabakitzeko eskubidea ukatu nahi diguten estatu demofobikoen aurrean erabakia gauzatu egingo dugu; blokeaturik nahi gaituzten estatuen aurrean herri bezala erantzungo dugu; Espainia eta Frantziako estatu antidemokratiko eta ustelen aurrean, guk Euskal Errepublika eraikiko dugu! Gu militante politiko iraultzaileak gara eta euskal iraultza egitera goaz! Euskal Herri sozialista, euskaldun, ekologista eta feminista eraikitzera goaz!
Horixe da, beraz, egin behar duguna. Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna aldarrikatzetik gauzatzera pasatzeko garaia da. Orain eta etorkizun duin bat eraikitzekoa. Gazteok izango gara bide horren motorra. 36an faxismoari aurre egin zioten maite dan askatasunari dena emanez, 60. hamarkadan herri hau martxan jarri zuten; 80.ean trantsizioko iruzurrari aurre egin zioten aldaketarako aukera irekita mantenduz eta azken urteetan, oztopoak oztopo, amesten dugun herriaren eraikuntzan hainbat urrats egin dira. Gure egitekoa argia da: baldintzak aprobetxatuz irabaztea, ametsa egi bihurtzea, Euskal Herri sozialista eta feminista eraikitzea. Ez ginen erresistitzeko jaio, ezta erantzuteko ere. Irabazteko jaio ginen eta irabaztera goaz! Irabaztera goaz! Ekin, ekin eta ekin, gurea da eta garaipena!