Moskenea, Hondarribian galbidean dauden baserrien azken adibidea
Abotsanitz.- Abotsanitz Udal Taldeak salaketa aurkeztu du Hondarribiko Udalaren aurrean azken asteetan eraitsia izan den beste baserri baten aurrean. Oraingo honetan Moskenea baserriaren eraistea gertatu da.
Hondarribiko Alkateak 2022. urtean Zimizarga auzoko 26an kokatutako Moskenea baserria berreraikitzeko baimena eman zuen. Baimen hau baldintza batzuren barnean ematen zen, besteak beste Lurzoruaren 2/2006 Legearen 30. artikuluan jasotzen den baserriak babesteko neurriak errespetatuz eta legea garatzen zuen 105/2008 Dekretuak 9. artikuluan jasotzen duena bete behar zelarik.
Zergatik legeak babesten ditu baserriak? Euskal nortasunaren sinbolo direlako landa eremuan kokatutako baserriak babestea egokia zela erabaki zen. Identitate, balore eta izateko modu jakin bat islatzen ditu: batasuna sinbolizatzen du, familia-unitatean oinarritutako nekazaritza- ustiapenerako oinarrizko eredua baita; bertan bizi direnen identitatea definitu du belaunaldietan zehar, baserriaren izena familiaren abizen edo izengoti bihurtzean eta sarritan bere izenaren bitartez lekuaren definizio-geografikoa edo lanbide baten erreferentzia ematen du, iraganeko informazio iturri bihurtuz. Azken finean, bizitoki eta bizibidea izan dira baserrien ezaugarri.
Hondarribian ere Erdi-Arokoak dira baserri asko. XIV eta XIII mendekoak batzuk, eta XII koak ere bai beste batzuk, hau da, 1203an Hondarribiak Hiri gutuna jaso aurrekoak. Zalantzarik gabe, gure herri izaeraren parte dira. Herri ondarearen elementu garrantzitsu bat.
XX. mendetik aurrera, aldiz, baserrien eta baserri bizi moduaren gainbehera bat eman zen Euskal Herri osoan. Hondarribian, bereziki, landa lurrak urbanizatzeari ekin zitzaionetik. Honela esan dezakegu hainbat direla galdutako baserriak eta beste hainbat galduko direla duten babes-maila ez errespetatzeagatik edo espekulazioagatik: Ipiztiku, Jamotenea, Marikiñenea, Patximoskenea, Erdikorrota, Politenea,…
Azkena Moskenea baserria dugu adibide. Gutxienez XVII. mendeaz geroztik, ez baitago eraiki zeneko dataren zehaztapenik, gure herriaren paisaia zen. Zurezko egituraz osatuta, bi isuriko teilatuduna eta harrizko hormak zituena. Bi solairuz osatutakoa eta bigarren solairuko aurrealdean balkoi luze bat zuena.
Lanen hasieran teilatua eta aurrealdeko horma eraitsi bazituzten, egun gutxiren buruan eraikin osoa eraitsi dute. Itxura denez, baserri bat zen lekuan txalet itxurako beste eraikin bat egin nahi ote dute?
Abotsanitz Udal Taldeak legez kontrakoa deritzo jardun hori. EAEko Lurzoruaren legea urratzen du landa lurrean eraitsitako baserri baten eremuan beste eraikin bat egitea. Ikusirik lanek aurrera jarraitzen dutela eta Hondarribiko Udalak egoera bideratzeko ez duela inolako tramiterik hasi, salaketa bat jarri beharrean aurkitzen gara. Helburua Hondarribiko ondare ditugun baserriak lurraren espekulaziotik babestea dugu.
- Egutegia
- 66 irakurketak
- Castellano