Satorralaia bizilagunen mugimenduak metroaren pasantea gelditzeko manifestazioa deitu du Donostian datorren apirilak 1 larunbatean, eguerdiko 12etan Easo Plazatik abiatuta. “METROAREN PASANTEARI EZ!” lelopean herritarrak mobilizatzeko deialdia egiten dugu beraz, hain zuzen ere hirian desadostasun zabala pizten duen egitasmo hori gelditzeko. Gure deialdia, gainera, zentzugabeko egitasmo honen aurrean sinesgogor eta isilik dirauten herritarrei ere zuzendu nahi diegu gaurkoan, gero ez dadin inor damutu! Izan ere, metroaren prozesu guztia hasieratik ilunkeria nabarmenarekin bideratua izan da eta Jaurlaritzak aurtengo Aurr ekontuetan obrak hasteko asmoz 4’7 milioi euroko partida bat sartu du, eta beste 177 milioi konprometatzen ditu datozen lau urteetarako. Horregatik,metroaren pasantea bultzatzen duten erakundeei proiektu hori behingoz gelditzeko eta Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren eta eraginkorrernaren inguruan herritarrek debatitzeko eta azken batean erabakitzeko aukera izan dezagun prozesu partehartzaile bat ireki dezatela eskatzeko aterako gara kalera.
Ez da egia izango! Harridurazko keinu batekin erantzun digu jendeak gehienetan, Donostiako hiri-erdialdetik metro bat eraikitzeko egitasmoa gelditze aldera 2015ko udan informazio eta protesta ekimenak antolatzen hasi ginenetik. Egitasmo hori eraikitzen lehenago ere saiatu ziren, harik eta 2013an Eusko Jaurlaritzak “obra faraonikotzat” jo eta bertan behera utzi zuen arte.
Ez da egia izango! erantzun genuen iaz 8.916 donostiarrek metroaren pasantea gelditzeko eta herri galdeketa bat egiteko eskaera izenpetuta. Diputazioak eskaerari ezezkoa eman zion espreski, Udaletxeak isilean alde egin, eta Eusko Jaurlaritzak ez zion erantzunik ere eman milaka herritarrek egindako eskaerari.
Ez da egia izango! Gutxienez 200 milioi euro gastatu nahi dituzte 4’2 kilometroko obra egiteko — hau da, metro bakoitzeko 50.000 euro inguru!—Donostian metro bat abian jartzeko erabiltzaileen azterketa seriorik inoiz egin ez bada ere. Egitasmoa zuritu nahian, datozen urteetan Donostialdean 100.000 biztanle gehiagoren hazkunde demografikoa emango dela eta antzeko beste hipotesi faltsuetan oinarritu dira Jaurlaritzak agindutako Bideragarritasun eta Eskari Azterketak. Era honetan metroaren balizko eskari “induzitua”ren zifrak puztu dituzte. Ez al da susmagarria gero, Donostialdeako Metroa deitzen duten egitasmoaren lehenengo azterketan ustezko bidaiariak 33 milioi izango baziren, horiek gero 24 izatera pasa, eta oraingo aurrikuspenetan 19 milioi baino gutxiago badira…?
Ez da egia izango! Jendeak ez du sinestu nahi Eusko Jaurlaritzak Dbus-en zerbitzuetan murrizketa garrantzitsuak eragingo lituzkeen metro bat bultzatzen duela. Egitasmoak zenbait autobus linea kentzea aurrikusten du (05/Bentaberri, kasu) eta beste hainbaten maiztasunari murrizketa garrantzitsuak egitea (28/Amara-Ospitaleak, 13/Altza…). Lurraldebus ere kaltetua litzateke. Gauzak horrela, autobus zerbitzuen jeitsierak hainbat auzo kaltetuko luke, eta garraio publikoaren irigarritasuna murriztuko litzateke halaber metroak kanpo utziko lituzkeen tarteko ibilbide askotan. Ondorio kaltegarri horiek adineko pertsonek eta ezinduek jasango lituzkete batipat. Proiektu hori egingo balitz, garraio publikoaren beste bideak lirateke kaltetuenak, eta aldiz, metroak Donostian autoan egiten diren joan-etorrien %1’5 apenas bereganatuko luke.
Ez da egia izango! Metroa eraikitzeko, hiri-erdialdean, Amaran eta Antiguan eragin handia izango luketen lanak egin beharko dituzte, eta kostaldeari ere eragingo lioke pasantearen ibilbide zentzugabeak, metroa Kontxako hondartzaren azpian sartzen baita 300 metroko zati batean eta 35 metroko sakoneran. Jaurlaritzak joan den irailean eskatu zion Itsasertzetako Zerbitzuari obra hori egiteko baimena, nahiz eta oraingoz ez duen lortu. Lurpeko obra erraldoi honek arrisku nabarmenak ditu bestalde hiriko hareatza eta ibai-marea lurren gainean zimenduta dauden eraikinentzat (antzeko eraikuntza-lanetan istripuak gertatu dira askotan); eta hirigunean eragindako afekzioak ere larriak izango lirateke lanek iraun bitartean –Easo eta San Martin kaleak altxatzea aurrikusten da, kasu.
Ez da egia izango! Azpiegitura-lan handi eta garesti honen bidez, Easo Plazako EuskoTrenen geltoki nagusia kendu eta Erdialde/Kontxako “bihotz turistiko eta kometzialera” nabarmenki garraio mugimendu handiagoak eragingo lituzkeen diseinu zentrazalizatzaile berri bat ezarri nahi dute. Metroaren pasantea Donostian kosta ahala kosta sustatu nahi duten hiri-ereduaren parte da: turismo gehiago, kontsumo gehiago. Biztanleek hiriko baliabide eta ondasun komunez zentzuz baliatzeko duten eskubidea desagerraratzen da. Etekin enpresarialei lehentasuna ematen zaie, merkantilizazio eta espekulazio prozesu hazkorrak nozitzen dituen hiri gero eta esklusiboago honetan.
Hori denagatik, jende askoren iritziz Donostian metro bat eraikitzea ez da beharrezkoa eta egitasmo hori inposatua da. Hiriak garraio publikoko sare nahiko ona du eta mugikortasuna hobetzeko proposamen eraginkorragoak eta kostu ekonomiko nahiz inpaktu sozial askoz txikiagokoak badira. Funtsean, Topoa eta Dbus-en autobus linea nagusiak elkarren artean koordinatzea da gakoa, Topo-Bus aldaketa guneak sortuz eta Lurraldebus-en nahiz Renfe-ren Aldiriak ere ongi integratuz: era honetan, Donostiako eta eskualdeko auzo, unibertsitate eta lantoki guztietara garraio publikoaren irisgarritasuna hobetuko litzateke. Eta pasanterik gabe.
Hori dela eta, obra faraoniko eta behar gabeko honen aurkako oposizioa lantzen eta mobilizatzen segituko du Satorralaia bizilagunen mugimenduak. Apirilak 1, datorren larunbatean MANIFESTAZIOA eguerdiko12etan Easo Plazatik: METROAREN PASANTEARI EZ!
Donostian Metroaren pasantea gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimendua
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 970 irakurketak
- Castellano