Eguzkik Gladys del Estal oroitzeko ekitaldi berri bat antolatu du. Dagoeneko 39 urte pasatu dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys hil zuenetik, buruan tiro bat jota. Tuteran gertatu zen, ekologista donostiarra han baitzegoen Energia Nuklearraren kontrako Nazioarteko Eguneko ekitaldietan parte hartzeko.
Eguzkik antolatu duen oroitze-ekitaldi berria ekainaren 3an izango da, 12etan hasita. Parte-hartzaileok Egian bilduko gara, Gladys Eneko atean, eta erromerian joango gara parkeko goiko ordekaraino, Gladysen oroitarria dagoen lekuraino, alegia. Han egingo da ekitaldia, lore eta kanta tartean.
Bertan, aktualitatearen irakurketa bat ere egingo da, ohi bezala. Izan ere, Eguzkitik behin baino gehiagotan nabarmendu dugunez, guk Gladys oroitzen dugu gure laguna zelako eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahazterik ez dugulako, baina baita ere Gladys zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak bizirik daudelako gaur egungo borroka ekologistetan.
Garoña gabe askoz hobe!
Galadysen omenaldian urtero egiten dugun aktualitatearen irakurketan, Garoña beti presente egon da. Hamarkadetan, zentralaren itxiera eskatzeko; azken urteotan, berriz, berriro ireki ez zezaten aldarrikatzeko. Aurtengoa izango da Garoña behin betiko itxita dagoela Gladysi egiten diogun lehen omenaldia.
Seguru asko inozo samarra litzateke pentsatzea Garoña itxi izana soil-soilik herri-borrokaren ondorio dela, baina ukaezina da zentrala behin betiko ixteko, ERABAKIGARRIA izan dela urteetako herri-borroka. Batzuetan oihartzun handia lortu du; besteetan, berriz, txikia, baina etengabea izan da, eta azkenean frutuak eman ditu.
Adi, hau ez baita bukatu, ordea. Orain bermatu egin behar da zentrala benetan eraisten dela, iruzurrik onartu gabe. Bestalde, adi egon beharko da Nuclenorrek ageriko edo isilpeko kalteordainik jaso ez dezan, eskubiderik ez du eta. Eta, halaber, Garoñako inguruan garapen sozio-ekonomikoa sustatzeko plan bat errebindikatzen jarraitu beharko da. Beraz, ondoko urteetan ere seguruena Garoñaz hitz egiten jarraituko beharko dugu.
HALA ETA GUZTIZ ERE, ez dago zalantzarik txikiena ere: Garoña ixtea garaipen handia izan da, eta Euskal Herria nahiz planeta bizigarriago bat nahi dugunok badugu, merezimendu eta zilegitasun osoz, gainera, zer ospaturik. Beraz, zorionak!
Lemoiz: historiarekin bat datorren erabilera
Lemoiz ere beti presente egon da Gladysen omenaldian, askotan modu inplizitoan, esplizitoan baino gehiago. Iaz, ordea, berriro espresuki aipatu genuen, aspaldiko partez. Izan ere, PPren eta EAJren arteko aurrekontu-itunean, zentralak okupatzen dituen lursailak “berehala euskal erakundeen esku” geratuko zirela adostu zuten. Hainbeste urte pasa eta gero EAJk gai hau horrelako itun batean sartu izanak aditzera ematen zuen Eusko Jaurlaritzak buruan proiektu zehatzen bat bazerabilela. Eta horrela ibiltzea, bere kabuz eta gardentasunik gabe, alegia, ez zela sintoma ona adierazi genuen. Bete-betean asmatu genuen, baina ez gara horregatik harrotuko, asmatzeak ez baitzuen, egia esan, meritu handirik. Azaroan, Arantxa Tapiak ezagutarazi zuen Lemoizen akuikultura-makroproiektu bat ezartzeko lanean ari direla. 42 eta 105 milioi euro bitarteko inbertsioa aurreikusi omen dute.
Baina are sintoma okerragoa izan da orain dela pare bat hilabete eskas Gobernu espainolak Iberdrolarekin sinatu duen “ituna” edo. Horren arabera, elektrikoak Lemoizen gainean izan zezakeen edozein erantzukizun bertan behera geratu da. Hau da, ez du xentimorik ere ordaindu beharko zentralaren inguru hura lehengoratzeko. Eta lehengoratzea, legez, derrigorrezkoa da. Beraz, elektrikoak sortu zuen denon artean ordaindu diogun txikizioa (ez ahaztu luzamendu nuklearra, 6.000 milioi euro inguru, denon artean ordaindu dugula argindarraren erreziboen bitartez), eta, gainera, orain ez du metro koadro bat belar edo zuhaitz bat bera ere sartzeko dirurik ipini beharko. Ez ote da zilegi pentsatzea Gobernuak hartu duen erabakiak baduela ate birakariekin zerikusirik?
Nolanahi ere, Eguzkik jarraitzen du Lemoizentzat eskatzen “historiarekin bat datorren erabilera”. Eta horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Bada, gure iritziz, Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat eratu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean. Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, Eguzkik aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta.
Gladys eta inoiz iristen ez den aitortza ofiziala
Puntu honetan Gladysen omenaldi guztiek marmotaren eguna ematen dute, aitortza ofiziala inoiz ez baita iristen. Iaz, fetxa hauetan, gainera, Konstituzio Auzitegiak Gobernu espainolaren helegite bat onartu eta zati batzuetan suspenditu zuen Jaurlaritzak onartutako Estatuaren “gehiegikeriak” 1978 eta 1999 bitartean eragindako Biktimak Aitortzeko Legea. Lege horren bidez, Gladys izan zitekeen orain arte ukatutako aitortza ofiziala jaso zezaketen biktimetako bat. Antza denez, Abiadura Handiko trena eta enparauak aurrekontu-itunetan kabitzen dira; Gobernu espainolak gai hauei buruz aurkezten dituen helegiteak, berriz, ez. 155garrena bezala, alegia. Kontua da urtebete pasatu dela eta, oraindik behin betiko epaiaren berri ez dagoenez, iaz geunden leku berean jarraitzen dugu.
Dena dela, Gladysi inoiz ez zaio falta izango herritarron partetik erakunde ofizialetatik ukatzen zaion aitortza. Alde horretatik, honako hau une aproposa da ohartarazteko datorren urtean 40. urteurrena izango dela. Alfonso Sastrek dioen bezala, urteurrenak memoriaren makuluak dira, are gehiago baldin eta urteurren biribilak badira, 40garrena bezala. Beraz, datorren urtean aukera bikaina izango dugu Gladys nor zen, nola bizi izan zen eta nola hil zuten, argi eta ozen gogoratzeko. BEHARREZKOA IZATEN JARRAITZEN DUELAKO.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 748 irakurketak
- Castellano