Kontzentrazioa larunbatean, hilak 16, 20:30ean Irungo San Juan plazan burutuko da (eraman maskara eta eskularruak)
Salbuespen Egoerak kaleetan jendea zapaltzeko eta eskubide politiko eta sozialak bertan behera uzteko erreminta bihurtu baldin badute, zapalkuntza hori askoz ere nabarmenagoa da kartzeletan. Isolaturik, bisitarik gabe, Covid-19az babesteko bitartekorik gabe eta aktibitate guzti-guztiak anulaturik mantentzen dituzte presoak. Hori bai, egunero kontaktua mantentzen dute kaletik sartzen diren kartzelariekin, horrek dakarren kontagio arriskuarekin.
Gogora ekarri behar dugu kartzela infekzioetarako leku aproposa dela, eta hori dela-eta presoak populazio zaurgarritzat hartzen dituztela. Horretaz gain, preso askok gaixotasun larri eta kronikoak pairatzen du.
Bizi duten egoera salatzeko, maiatzaren 5etik aurrera 8. moduluko hainbat preso kontzentrazioak egiten hasi ziren patio orduan. Haien aldarrikapenak honakoak dira:
- Preso erien eta kondena ia beteta daukatenen askatasuna.
- Bisitak egin ahal izatea.
- Kontagiatuak ez izateko bitartekoak jasotzea (musukoak, guanteak...).
- Preso zein kartzelariei Covid-19 detektatzeko testak egitea.
- Senideren baten heriotza gertatuz gero hilerrira edo tanatoriora joateko aukera izatea.
Orain arteko kontzentrazioetan ez da inolako arazorik egon, maiatzaren 9a arte. Kartzelari bat Patxiri kartela kentzen saiatu zen eta, beranduago, kartzelari hori bere ziegara joan zen modulu-buruarekin batera. Berez, Patxik eskatutako identifikazio zenbakia ematera zihoazen, baina tartea Patxi mehatxatzeko baliatu zuten. Ondorioak pairatuko zituela ohartarazi zioten. Beranduago zuzendaria, segurtasun zuzendariordea eta zerbitzuburuarekin biltzera eraman zuten eta bertan, mehatxuen artean, kontzentrazioen bultzatzailea izatea leporatu zioten.
Patxik babes judiziala eskatu du eraso berri honen aurrean. Gogora ekarri behar dugu ez dela Patxik mehatxuak salatzen dituen lehenengo aldia, eta abenduaren 31n besoak ebaki zituela kartzelari batek euskal preso politikoekiko zeukan jarrera erasokorra salatzeko.
Mehatxuak pairatu ostean eta eraso honi erantzuteko, Patxik ebakidurak egin zituen besoan herenegun, hilak 9, abenduaren 31n egin zuen bezala. Orduan bezalaxe, oraingoan ere erizaindegira eraman eta grapak jarri behar izan dizkiote zauria ixteko.
Alabaina, medikuaren jarrera salatu beharra dugu. Erizain batek jarri zizkion grapak, baina medikuak begiratu ere ez zion egin. Patxik lo egin ahal izateko lasaigarriren bat eskatu zion, eta erizainak transiliuma eskaini zion. Patxik zerbait leunagoa eskatzean, medikuak erantzun zion ez ziotela besterik emango eta berdin zitzaiola berari gerta dakiokeena. Patxik, kartzelariz inguraturik, identifikazio zenbakia eskatu zion, eta medikuaren erantzuna honakoa izan zen: “eraman ezazue kaka hau hemendik”. Beste batzuetan salatu dugun bezala, askotan medikuek kartzelari moduan jokatzen dute mediku bezala jokatu beharrean.
Honetaz gain eta kartzelak mantentzen duen jarrera ikusita, maiatzaren 10ean Patxik gose eta egarri grebari ekin dio. Oso egoera larria da hau, gose eta egarri greban gorputzeko organoak kale egiten hasten baitira laugarren edo bosgarren egunetik aurrera.
Patxi Ruizek, gose eta egarri grebaren hirugarren eguna betetzen duen honetan, etxera deitu du dagoeneko. Familiari azaldu dio grebarekin aurrera jarraitzen duela. Gogoratu behar dugu gose eta egarri greban egonda, gorputzeko organoak egun gutxiren buruan huts egiten hasten direla. Azpimarragarria da gose eta egarri grebari hasiera eman dionetik ez dela medikua pasatu bera ikustera, eta 8. modulutik preso politiko gehiagorik ez dagoen errespetu modulu batera eraman dutela.
Bestalde, Ibai Aginagak bigarren eguna txapatuta du gaurkoa Patxi Ruizekin elkartasunean Sevilla II-ko kartzelan. Ez da ziegatik irtengo Patxiren egoera konpontzen ez den bitartean.
Puerto III-ko kartzelak banatzen duen janariaren bandejari uko egiten ari zaizkio atzotik Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano.
Jon Kepa Preciado bihartik aurrera txapatuko da ziegan Kordobako kartzelan, modu mugagabean.
Kalean, bitartean, lau pertsonak gose grebari ekin zioten atzo arratsaldean (haietako batek greba intermitentea egingo du, 24 orduero). Aurrekoek bezala, jarrera hau mantenduko dute Patxiren egoera konpontzen den arte.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak deia luzatzen dio Euskal Herriari bakoitzak, ahal duen neurrian, Patxiren aldeko ekimenak aurrera eraman ditzan.
Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu Patxiren egoeraren eta gerta dakiokeenaren erantzukizun osoa Jesus Hernandez buru duen Murcia II-ko zuzendaritzarena, zein espetxe politika hau diseinatu edota aurrera eraman duten PSOE, PNV, PP eta Podemosena dela.
Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua.
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 684 irakurketak
- Castellano