Zaldunbordari buruzko plenoa. Abotsanitz Udal Taldearen interbentzioa

Hondarribiko Udalaren Plenoa. Abotsanitz zinegotziakIBILBIDEA

Ia lau urteko bidea egin du Zaldunbordako auzi honek. Ez zen HAPOarekin hasi, ez. 2016an hasi ziren Zaldunborda Gainaren eztabaidak Hondarribia Lantzen enpresa publikoan. Alkateak erabaki zuen Hondarribia Lantzenen bitartez egitea, udalak berezkoak dituen bermeak saiheste aldera (hala aditzera ematen zuen Luis Mari Oyarbide abokatuak eginiko txostenak).

Argi dago Zaldunbordarena ez dela ohiko prozedura bat izaten ari, eta, horregatik, Udalak eskaintzen dituen BERME, PUBLIKOTASUN eta GARDENTASUNA oinarri bezala eduki beharko lituzke. Hori saihestu da, nahita. 

2017. urtean HAPOaren onarpenerako emaniko debatean, Zaldunborda Gaina eremuaren BIRKALIFIKATZEA izan zen desadostasun handia sortu zuen puntuetako bat. Gai hori ez zen behar bezala itxi eta horrek ondorio desegokiak ekarri zituen.

Birkalifikatzea epaitegietan dago. Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Elkarteak jarritako helegitea tramitera onartuta dago Auzitegi Gorenean. Zalantza juridikoa sortzen du horrek. Zer gertatuko litzateke Gorenak erabakiko balu birkalifikatze hori legez kanpokoa dela? Nola zuzenduko genuke orain arte egindakoa? Zein eragin ekarriko lizkioke udalari eta herriari atzera egin behar izateak?

EAJk bakarrik onartu zuen HAPOa. Ez Plan Orokorrean bakarrik. Prozesu osoan zehar Hondarribiko EAJ da Zaldunbordako mega outletaren alde azaldu den talde bakarra.

Bakarrik egon da eta dago EAJ, inolako adostasunik bilatu ez duelako. 2016ko hasieratik gabiltza honekin eta 2019ko abenduan ari gara lehen eztabaida publikoa egiten Hondarribian. Lehen aldia da Hondarribiko Udalean Zaldunbordaz eztabaidatzen duguna. Hain gai garrantzitsua gizarteratzea ezinbestekoa delako, horregatik eskatu dugu ezohiko batzar hau. Oposizioko zinegotzi guztiok eskatu dugu, gobernuak ez duelako orain arte egin nahi izan.

EAJ proiektua aurrera ateratzen saiatu da, baina LEGITIMITATEA bermatu gabe. Gobernu taldeak gehiengo osoa du areto honetan bai, baina bozken %45-a lortu zuen hauteskundeetan (erroldaren %34-a). Eta oposizioko hiru taldeek bi puntu gehiago, %47-a, baina gure iritzia ez da aintzat hartu.

EAJk bere kabuz hartu ditu erabakiak, eta kostu bat izan du dagoeneko. Kostu handia Hondarribiko Udalarentzat. 2 milioi eurokoa. Hori da Zaldunbordako eremuaren erosketaren kostu ekonomikoa, 2 milioi euro, Hondarribiko herriari eragin zaion kostu ekonomikoa.

DEKRETUA

Ekainaren 26an sinatu zenuen, Txomin, Zaldunborda Gaineko plan partzialaren lehen onarpenaren dekretua. Eusko Legebiltzarrak hurrengo egunean merkataritza gune handiak mugatzeko legea onartu behar zuelako, horregatik sinatu zenuen, legeari izkin egiteko asmoz.

Antxeta Irratiko elkarrizketan onartu zenuen ez zela erabaki estetikoa izan. Ez, ez zen estetikoa izan, ezta etikoa ere. Legea hurrengo egunean onartu zuten, baina 2005ean are eta zorrotzagoa zen Lurralde Plan Sektorial bat adostu zuten legebiltzarrean, nahiz eta epaitegiek indargabetu eta eztabaida urte batzuk luzatu den. Duela hamabi urte ja uste zuten Legebiltzarreko taldeek, tartean EAJ-k, merkataritza gune handiak mugatu behar zirela.

Ekainaren 27an onarturiko lege berriak Europako Batasunaren 2006/123/CE Direktiban azaltzen diren gomendioak jasotzen ditu. Duela 13 urteko gomendioak dira, Higertokik proiektua aurkeztu baino 11 urte lehenagokoak. Eta zer esaten du Europak? Ba Europako Batasunak merkataritza gune handiek merkataritza txikia suntsitzen dutela esaten du. Europako Batasunak hiritik kanpoko gune komertzialak hirigintza eredu jasangaitza direla esaten du. Eta Europako Batasunak gure Jaizkibel mendia Kontserbatzeko Gune Berezia dela eta Zaldunborda Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoan dagoela esaten du. Hori guztia esaten du Europako Batasunak, eta horri guztiari egin zenion izkin ekainaren 26ko dekretu madarikatu horrekin.

Arrazoia? Ez dakigu. Ez dakigu egoskorkeriagatik egin ote zenuen. Edo bestelako presioengatik. Ez dakigu, eta ez dugu ulertzen.

Baina badakigu Udala ezin dela dekretu bidez gobernatu. Are gutxiago honelako gai bat dugunean mahai gainean. Eta espero dugu akats honetatik GUZTIOK ikastea.

Erabakia legezkoa izan zela entzun dizugu esaten, legea errespetatu duzula. Baina, aurretik zalantza ugari dauden bezala, dekretua sinatuz geroztik Higertokik behin eta berriro urratu du legea Zaldunborda Gainean. Eta utzi zaio. Udaran 100.000 metro koadroko azalera suntsitu zuenetik hasita, orain gutxi baimenik gabe eraikin bat altxatzen hasi zen arte. Bi kasu horietan behintzat zuk onartu izan duzu obra horiek udal lizentziarik gabe egin zirela. Lan klandestinoak zirela onartu zenuen zuk 1909/2019 eta 2171/2019 alkate-dekretuen bidez. Guk salatu eta gero onartu zenuen, noski, Higertokiri ez baitzaio udaletik inolako mugarik edo kontrolik ezarri. Ekainaren 26tik aurrera nahi izan duen guztia egin du Zaldunborda Gainean.

Eta bistan da. Udal jarduera guztiz baldintzatu du ekainaren 26ko dekretuak. Legealdia guztiz baldintzatu du eta ez gai honetan soilik.

Sekulako HIGADURA eragin du, zuregan, eta gainontzeko udal kideongan. Asko galdu dugu, eta hau ez zen gertatu behar.

Baina honek guztiak zerbait positiboa ere utzi du. Badago zerbait pozten gaituena. Herria piztu ere egin du ekainaren 26ko dekretuak. Merkatariak suspertu ditu, herri dinamikak aktibatu ditu, herrigintza bultzatu du. Eta sinistuta gaude hori izango dela aurrerantzean bermea. Herri dinamikek bermatuko dute gaurtik aurrera Zaldunborda Gainean gertatuko dena.

ETORKIZUNA

Oposizioko hiru alderdiek bilkura hau egiteko eskaria egin genuenean gauza askotaz hitz egiteko asmoa genuen. Herri garapenaz hitz egin nahi genuen, tokiko merkataritzaz, ingurumenaz, mugikortasunaz, langileen ikuspegiaz, jasangarritasunaz… Baina komunikabideen bidez iritsi zaigun azken erabakiak, irakurketa aldatzera behartu gaitu. Horren berri ere ez zaigu zuzenean eman.

Higertokik aurkeztutako plan partzialari ezezkoa eman zaio. Herriaren erantzunari esker lortu da hori, dudarik gabe.

Udalak legea bete eta betearazi behar duela, eta bete eta betearazi duela aipatuko zaigu udal gobernutik. Baina Higertokik legedia urratu du, gutxienez birritan. Eta horregatik gertuko jarraipena egitea ezinbestekoa da, bai udaletik, baita herri ekimenetik ere. ZALDUNBORDA GELDITU! plataformak indarrak batzen eta lan egiten jarraitu beharra duela uste dugu.

Eta horretan animatzen zaituztegu.

Izan ere, arrisku asko ikusten ditugu oraindik:

  • Merkataritza proiektu bat burutu daiteke oraindik Zaldunborda eremuan, nahiz eta orain proposamen berria Merkataritza Gune Handien Legearen mugak errespetatuz egin beharko lukeen Higertoki enpresak. Noski, lege berriaren oinarriak errespetatzeko exijituko dugu Hondarribiko Udalean, lege horrek aipatzen dituen salbuespen egoera guztiak alboratuz.
  • Zaldunborda Gaina eremuaren zati handi bat Jaizkibel-Aiako Harria korridore ekologikoaren barruan kokatzen da. Eta arriskuan segitzen du. Bada eremu hau babestea ezinbestekotzat deritzogu eta jardun horretan ariko gara aurrerantzean ere.
  • Higertoki enpresarena da lur eremu hau. Inbertsio handi bat egin du, eta ez dio uko egingo hain erraz bere proiektua gauzatzeari. Beraz, kontrol estua egin beharko zaio etorkizunean ere.
  • Azkenik, Espainiako Gorteetan Saltoki Handien Legeari helegitea jartzeko asmoa egon litekeela irakurri ahal izan dugu hainbat komunikabideetan. Honek, zuzenean eragingo lioke proiektuak izan ditzakeen mugei. Hori ere zainduko dugu.

Arrisku hauek kontutan izanik, ezinbestekotzat deritzogu Hondarribiko Udalak etorkizun laburrena urrats batzuk ematea:

  1. Modu garden eta publikoan, zein herri eredu garatu nahi dugun adostu beharko dugu. Bizitza duen herri bat nahi dugu guk.
  2. Bertan ekoiztu eta bertan lan egin. Hau da gakoa. Herri jasangarria izatea nahi badugu, ardatz honen inguruan egin beharko genuke lan.
  3. Herriko merkataritza indartu nahi badugu, herriko merkatariekin batera adostu beharko ditugu proposamenak eta sektorea sustatzeko ekintzak.
  4. Mendiari eta natur guneari babesa eman beharko genioke. Korridore ekologikoari berez beharko lukeen babes maila onartuz, eta 2019ko udaran suntsitutako zuhaitz eta landaredia berreskuratzeko neurriak hartuz, besteak beste.

Etiquetas: 

 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.