Auzitegi Gorenaren Tartaka AHT-aren kontrako sententziaren aurrean

pegatinaAuzitegi Goren espainiarrak Barcina tartakatzeagatik epaituriko lau pertsonen aurkako epaia berretsi eta gero, Mugitu! Mugimenduak, hauxe adierazi nahi du:

  1. Kondena hau erabat neurrigabea dela salatzen dugu. Munduan barna tartakatze politikoa erabiltzeagatik inoiz jaso den kartzela zigor handiena dela salatu nahi dugu. Ez da ezagutzen salaketa politiko hau erabiltzeagatik (toki batzuetan erruz erabiltzen dutena) hilabeteren bat baino gehiagoko zigorrik jaso duen tartalaririk.

  2. Barcinaren porrota. Nafarroako Foru Erkidegoko Lehendakari, Yolanda Barcina Angulok, AHTren aurkarien kartzelatzea bilatu zuen obsesiboki, eska zitezkeen kartzela zigor handienak eskatuz (9 urte Gorkarendako eta 6na urte Julio, Ibon eta Mikelendako). Kartzela saihestu eta AHTren aurkako borrokan jarraitu ahal izatea Barcina anderearen porrot garbia dira.

  3. Zigorraren mantentzeak epaia politikoa dela berresten du. Iazko abenduan adierazi genuen bezala, epaiketa politiko baten aurrean gaude. Ondorioz, zigorra ere politikoa dela salatzen dugu. Orduan bezalaxe, tartalariak zigortzeko asmoa dago, baina era berean, hauen kartzelatzea saihestu nahi dute, tartakada batzuengatik jendea kartzelatzea eskandalu hutsa bailitzateke.

  4. AHTren aurka borrokan jarraitzeko konpromisoa. Ezin ahantzi hau guztia, AHTren aurkako borrokaren baitan gertaturikoa dela. Hori dela eta, tartalariek AHTren aurkako borrokan tinko jarraitzearen aldeko konpromisoa aldarrikatzen dute.

Mugitu! Mugimenduak, era berean, euskal jendartea azpiegitura suntsitzaile, diru xahutzaile eta ustel honen aurka borrokan jarraitzera hots egiten du.

 

Etiquetas: 

Angulaberria.info ez da angulaberria talde editorialaren izenpean ez dagoen iritziez erantzule egiten. Gure desira era guztietariko debate aberasgarriak bultzatzea da.