AHT Gelditu! Elkarlanak eta hainbat talde sozial zein sindikalek, 2016ko maiatzaren 20, 21 eta 22an TXIRRINKA izeneko ekimena burutuko dute.
Txandakako bizikleta martxa honetan parte hartuko duten gizarte eragile eta kulturtaldeek, elkarri lekukoak pasatuz, lau zutabetan Euskal Herria zeharkatuko dute Bergarako AHTren korapiloan batu eta helmugaratzeko.
“Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu! AHT eta proiektu txikitzaileak borrokatu!” leloa izango da ekimen honen ardatza. Izan ere, azken urteotan azpiegitura erraldoien plangintza eta eraikuntza amorratua izan da, jendartearen behar oinarrizkoenen gainetik hormigoiaren politika inposatuz: AHT, gas Fracking, Garoña, zentral termikoak, errauskailuak, goi tentsioko lineak, urtegi eta ubideak, hainbat harrobi eta mehategi erraldoi... Proiektu horiek gauzatzeko baliabide naturalak zein ekonomikoak izan dira euskarri eta ingurua, berriz, hondakindegi. Azpiegitura hauek bultzatzeko erabilitako errekurtsoak jendearen zerbitzurako jarri behar dira. Lurraren aurkako guda hau gelditu eta hainbeste azpiegitura txikitzaile behar dituen sistema hau irauli behar da, egungo eredu soziala goitik behera eraldatuz.
Ekimen honen zutabeek Hego Euskal herriko herrialde bakoitzean lurra zein jendartea mehatxatzen dituzten egitasmo suntsitzaileak salatzeaz gain, hoien aurkako borrokak ezagutarazi eta aldarrikatuko dituzte. Zutabe bakoitzak daraman lekukoak hazi batetik datorren ernamuina irudikatzen du, bukaeran lauak elkartuko direlarik jatorrizko fruituan txertatuz. Honekin esan nahi da borroka guztiak bat direla, elkarren osagarri direla eta lurra dela herrien etorkizuna.
TXIRRINKAren bukaera Bergarako Angiozar auzoan izango da, non AHT egitasmoarekin izugarrizko txikizioa eta inposaketa burutzen ari diren, bertan kokatzen bait da EAEko hiru hiriburuak lotuko lituzken erokeria xahutzaile horren muina. Zutabeak Angiozarko lan eremuaren aurrean elkartuz, “korapiloaren” zentzugabekeria eta alferrikakotasuna aldarrikatzen duen ekintza baten ondoren, frontoian amaierako ekitaldia burutuko da. Bertan zutabe bakoitzak lekukoan dakarren eta kulturgile ezberdin batek idatzirikoa irakurriko da. Herri bazkariaren ondoren musika herrikoiak jai giroan bukatzeko aukera emango du.
Hauek izango dira zutabeen datak eta ibilbideak:
ARABA
- Maiatzak 21: Gasteiz - Legutio - Aramaio (lo egin)
- Maiatzak 22: Aramaio - Arrasate - Angiozar (Bergara)
BIZKAIA
- Maiatzak 21: Muskiz - Bilbo-Elorrio (lo egin)
- Maiatzak 22: Elorrio - Angiozar (Bergara)
IPAR E.H.-GIPUZKOA
- Maiatzak 20: Hendaia - Irun - Donostia (lo egin)
- Maiatzak 21: Donostia - Tolosa - Beasain - Urretxu (lo egin)
- Maiatzak 22: Urretxu - Angiozar (Bergara)
NAFARROA
- Maiatzak 21: Iruñea - Etxarri Aranatz - Beasain-Urretxu (lo egin)
- Maiatzak 22: Urretxu - Angiozar (Bergara)
TXIRRINKAren ekimenaren baitan hiru puntu azpimarratu behar dira:
- Euskal Herriko proiektu txikitzaileen aurkako erresistentzien mapa. Bertan, iraganeko zein gaur egungo borrokak islatuko dira. Zutabe bakoitzak bere herrialdeko erresistentzien bilduma jasoko du. Bertan ikusiko da erresistentzia asko garaile suertatu direla eta borrokak duen balioa azalaratuko da.
- Aurre-TXIRRINKA: Aldez aurreko ekitaldiak giroa berotzen hasteko: hitzaldiak, mahainguruak, antzezlanak, kontzertuak, bertso saioak, bideo emanaldiak. Apirilaren erdialdetik ekimena bitartean burutuko da eta zutabe bakoitzak bere gain hartuko du.
-Atxikimendu kanpaina: E.H.ko eragile sozial, politiko , sindikal eta kultural guztiek ekimenarekin bat egiteko aukera izango dute.
Ikusten denez, ekimen honek aukera ezin hobea eskeintzen du lurraren alde eta azpiegitura txikitzaileen aurka mugitzen ari direnen arteko sarea indartzeko eta jendarte eredu berri baten alde ari direnak bat egiteko.
Hori dela eta, TXIRRINKA ekimena antolatzen ari diren taldeek E.H.ko jendarteari gonbitea luzatzen die, nor bere taldearekin txanda bat osatzeko, bizikleta hartzeko eta borrokaren lekukoa eskuz esku pasatzeko. Denon artean proiektu txikitzaile guztiak gelditu behar ditugu!
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 1324 irakurketak
- Castellano