Donostiako epaitegian Mozal Legearen aurkako elkarretaratzea egin dute gaur goizean

Gaur goizeko 9etan Mozal Legearen aurkako elkarretaratzea egin da Donostiako auzitegian, herri mugimendu ezberdinetako kideek parte hartu dutelarik protestan. Hain zuzen, 9'30etan epaiketa egin da, Metroa gelditzeko Satorralaia bizilagunen mugimenduko kide bati 2016ko azaroaren 16an Donostiako Udaletxean  hainbat talde sozialek egin genuen elkarretaratzearen ondorioz Ertzaintzak Mozal Legeaz baliatuta jarri zion 100 euroko isuna baliogabetzeko gure kideak egin duen helegitea dela eta. Epaiketa emaitzaren zain gelditu da.

Zer gertatu zen?
Donostiako Udalak “Demokrazia Zuzen Modernoari buruzko Foro Globala” antolatu zuen 2016ko azaroaren 16tik 19ra, gure hiria “Demokrazioaren Munduko Hiriburu” gisa aurkezten zuelarik gainera nazioarteko gonbidatu eta partehartzaileen aurrean. Ekitaldi hura sobera hipokresiazkoa eta zinikoa zelakoan, hiriko herri-mugimendu guztiei deialdia egin genien Satorralaia bizilagunen mugimenduak errealitatean bizi ditugun partehartze-falta eta inposaketa egoerak ikustarazteko, bai Metroaren pasantearen aferan eta errauskailuaren auzian, etxe kanporakaten auzian, etabar…

Ertzaintzari kontzentrazioa komunikatu zion kideak tokia zehaztean Udaletxearen helbidea jarri zuen paperean –Ijentea kalea 1.  Elkarretaratzearen egunean, ordea,  bildutako talde sozialak eta pankartak asko ginela ikusita eta trafikoa ez oztopatzearren, kontzentrazioa Alderdi Ederrera lekualdatzea erabaki genuen, non pankarta guztiak lerroan zabalduta nazioarteko gonbidatuei harridura eta interesa eragin zien aldarrikapen pasillo ikusgarria osatu genuen.  Gauzak horrela, gonbidatu gehienek gure protestaren zergatiez informatzeko eta talde sozial ezberdinekin hitzegiteko gelditu ziren, baita herri mugimenduen salaketen berri izateko aukera hura eskertu ere.

Elkarretaratze hori molestagarria gertatu zitzaien ordea agintariei, eta Ertzaintzak 100 euroko isuna jarri zion manifestazioaren jakinarazpena egin zien kideari, elkarretaratzea Ijentea kaletik Alderdi Ederrera aldatzeagatik bakar-bakarrik

Donostiako Udalak ez du “urrezko danborra” eta udal-argiteria bezalako kontuetan ezpada herri galdeketarik inoiz egiten, baina “Demokraziaren Munduko Hiriburu” omen da gero.  Modu berean, Diputazioko eta Euskal Gobernuko “demokratek” ezezkoa eman diete Metroaren edota errauskailuaren aferetan herritarren partehartzeari bideak irekitzeko eta herri galdeketak egiteko milaka pertsonek egindako eskaerei.

Hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritzak Mozal Legea aplikatzeko lotsarik ez du –orain arte 11.000 kasu baino gehiago badira, nahiz eta Legebiltzarrean hitzez Lege honen aurka dagoela esaten duen–, demokrazia eta partehartze gehiago aldarrikatzeagatik herri mugimenduak isunduz.        

Satorralaia Bizilagunen mugimenndua

Etiquetas: