Eguzki.- Nekazaritza, eraikuntza eta egurgintza bezalako arloek elkarrekin eragindako gainbera ikusita, Euskal Herriko mugimendu ekologistak baso naturalen (publiko zein pribatuak) birgaipenerako lana egin du hamarkadatan zehar: hariztiak, pagadiak, artadiak, haltzadiak, etabar. Era berean, Bizkaia eta Gipuzkoako egur ekoizpenaren eredu intentsiboa salatu izan da irmoki: mendien industrializazioa, pistak, soilketak, baso suteak, izurrite eta gaixotasunak, fumigazioak, diru publikoaren xahuketa, etabar. Gure mendi eta ibarrak mende oso batez jasaten ari dira inpaktu hauek, bereziki intsignis edo radiata pinuaren landaketa basatia XIX. mendearen bukaeran hasi zenetik, Estatu Batuetatik ekarriz. Ez Araban, ez Iparraldean, ez eta Nafarroan, ez zuten barneratu lurraldea suntsitzeko eredu intentsibo hau.
EAEko azken Baso Inbentarioaren datuak erabiliz (2016), guzti honen ondorioa da 125.000 hektareatako intsignis pinuz landatutako orban erraldoi bat izatea (ez basoak). Gainera, badira beste 80.000 ha gainerako merkatal espezie exotikoz landatuta: bestelako pinuak, izeiak, alertzeak, eukaliptoak, haritz amerikarra, sasi arkazia, etabar. Guzti hauek gure paisaia naturalak infektatu dituzte eta EAEko baso ekosistemetan bioaniztasunaren galera-tasa larriak eragin dituzte. Aipatutako espezie exotiko hauetatik, 25.000 ha (%65 publikoak) Natura 2000 Sarearen barruan kokatua izatea deigarria da benetan, munduko naturgune babestuen sare ekologiko handiena delarik, Europako Batasunaren bioaniztasuna babestera zuzendua.
Gehitu behar da gaur egungo baso agertokia hurrengoen bultzadaren esku egon dela: Gobernu Espainiarreko ICONA izandakoa, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak; hori bai, egurjabeen elkarteek eta egurraren sektoreak ezinbestez lagunduta. Naturaren kontserbazioarekiko oldarkortasuna osagai amankomun eta iraunkorra izan da orain arte aipatutako erakunde eta egurraren inguruko eragile hauen artean. Mugarik ez da izan, axola hartu gabe maldak, ibaiak, ur hartuneak ala eremu babestuak dauden ala ez. Horrela, Ingurumena eta lurralde antolaketari begira, baso ustiaketaren (nagusiki aisialdiko egurgintzan oinarrituta, ez profesionala) eredu honen inpaktuak izugarriak izaten ari dira: erosioa, bioaniztasunaren galera (habitatak, basa fauna eta flora, prozesu ekologikoak,…), ur kalitatearen jaitsiera, urtegiak lohiz betetzea, uholdeen eta ibaietako ur handitzeen laguntza, paisaia naturalen suntsipena, gure mendien artifizializazioa, diru publikoaren xahutzea, etabar.
Orain, espezie exotikoen erabilera masiboan oinarritutako eredu intentsibo honek sortutako izurriteen ondorioz, intsignis pinuaren gainbera itzulezina omen da, onddoetan eta bestelako gaitzen jatorria duten patologia luze bat bere egoera fitosanitarioan eragiten ari delarik: banda marroia, banda gorria, fusariuma, prozesionaria, etabar. Ekologismoak hamarkadetan lortu ez duena, onddo mikroskopikoak lortzen ari dira. Gertatutakoaren ardurak ere eskatu beharko dira, dagokien ikerketak abiatzeaz gain: enpresak, politikoak, funtzionariak,…
Bestalde, aipatutako Baso Inbentarioaren arabera, baso naturalak (hariztiak, pagadiak, baso mistoak, artadiak,…) EAEk dituen 723.000 ha-etako lurraldeko %75etik desagertu dira dagoeneko, horietatik soilik %31,70a publikoak izanik.
Era berean, mugimendu ekologistak urteak daramatza gure mendien gaineko mehatxu berriaz ohartarazten, Australiako jatorria eta ekosistemen izaera inbaditzailea duten zenbait eukalipto espezieren ustiapenaren inguruan. Horregatik, intsignis pinuaren eta beste hainbat egur espezie exotikoen egoera fitosanitarioa ikusita, euskal baso-eredu gogorrena Gipuzkoan klonatzeko arrisku bizia dagoela salatzen du Eguzkik, Bizkaikoa hain zuzen. Herrialde honetan, eta PNV ereduari esker, eukaliptoaren erabilera intentsiboa 17.000 ha-tan zehar zabaldu da dagoeneko. Era berean, adi egon behar dugu intsignis pinuaren “ordezkoak” izan daitezkeen beste espezie exotikoen landaketa masiboaren aurrean: Douglas izeia, sekoiak edo kriptomeria.
Lortuko den baso agertoki berean ezinbestekoa izango da EAEko lurzoru publikoen zaintza bermatzea, egur-ustiapen komertzialaren biktima berriro izan ez daitezen. Adibide gisa, Gipuzkoan dauden 33.000 ha herri onurako mendietan, horietatik 26.000 ha 39 Udalen jabetzakoak, eta besteak Mankomunitate, Partzuergo eta Foru Aldundiarenak izanik.
Egur sektorearen (Baskegur) azken aitorpen publikoei lotuta, intsignis pinuaren kudeaketaren porrota arintzeko herritar guztien diru publiko gehiago xahutu nahian, Eguzkik gogoratzen dio, nagusiki basojabeen jarduerak sortutako arazoa izanik, haiek konpondu behar dutela, beren diru gastu eta sarrerak denon artean ordaintzea kafkianoa delarik. Presazko neurri bakarra gure mendi eta arro hidrografikoetako ekoizpen eredua eraldatzea da, eta ez nahi izatea fumigazio kimiko masiboak hedatzea, lurzoruak, soroak, ur hartuneak eta ekosistemak intoxikatuz.
Horrela, Eguzkitik gutxieneko sei oinarri proposatzen ditugu EAEko baso politika berriari buruzko gizarte eztabaida sakon bat irekitzeko, erakunde publikoek gidatuta, eta egungo eredu intentsiboaren errore berberak errepikatzea saihestuz
1-Arlo interesatu guztien partehartze anitza eta errealaren bermea: Aldundiak, Udalak, basojabeen eta egurraren sektore profesionalen elkarteak, unibertsitateak eta zientzia erakundeak, erakunde ekologistak, elkarte naturalistak, etabar.
2- Zenbait gaietan indarrean dagoen legedia betetzearekiko erabateko bermea: ura, klima aldaketa, ingurumen arduraren Legea, bioaniztasuna, Natura 2000 Sarea, etabar. Lege araudi berri baten formulazioa, baso erabileren antolaketa espazialki mugatzeko, hau da, non babestu eta non ekoiztu egurra.
3- EAEn baso-habitatak bildu ditzaketen Natura 2000 Sareko eremu guztietan baso naturalak ezartzea, gaur egun egur-ustiapenak dauden 15.000 ha pribatuetan haiek berreskuratuz.
4- Ingurumenaren aurkako dirulaguntza publiko kaltegarrien ezabaketa, sektore primarioan benetazko landa-garapenaren sustapena baso-politika berriari lotuz.
5- Basojabe pribatuentzat bi kasuetan dirulaguntza publikoen emendatze handia: (1) baso naturalena; eta (2) Natura 2000 Sarean egur ustiapen exotikoena, baso naturalak ezarri eta bilakatzeko.
6- EAEn egur ustiapen exotikoz okupatutako baso-eremu publiko guztietan (Udalena, Kuadrillena, Mankomunitate eta Partzuergoena, eta Foru Aldundiena) baso naturalen berreskurapena, horrela herri izaera duten lurzoru guztietan egur ekoizpenari uko eginez bertako basoetara eraldatuz: 55.000 ha.
Eguzki erakunde ekologista eta antinuklearrak Eusko Jaurlaritzari, Aldundiei eta egur sektoreari elkarrizketa zabaltzea eskeintzen die aipatutako sei oinarrien inguruan, gure mendien babeserako egiazko agertokia ezartzeko asmoarekin. Agertoki hau lortzeko baso politika iraunkor bat adostu behar da, horretarako orekaz hurrengo helburuak partekatuz: gure baso naturalen berreskurapena, egur ekoizpena eta bioaniztasunaren aldeko kontserbazio-egoera, bai Natura 2000 Sarean bai eta beste naturguneetan, bai lurzoru publiko zein pribatuetan.
http://eguzki.org/2018/09/25/bizkaia-eta-gipuzkoan-baso-naturalak-berreskuratzeko-aukera-historikoa-irekitzen-ari-da-pinudien-gainberaren-ondorioz/
- Egutegia
- Logeatu iruzkinak post-eatzeko
- 846 irakurketak
- Castellano