Irungo Harrera Sarea ohartuta dago duela aste batzuk ugaritu egin direla mugetako poliziaren kontrolak. Atzerritarren kontrolen eta atxiloketen lekuko izan gara. Gure eguneroko zereginetan, autobusen iritsieran polizia zain egoten dela ikusi dugu eta pertsona beltzei bakarrik eskatzen dietela dokumentazioa. Hau da, kontrol arrazistak. Pertsona atxilotu eta ordu batzuetara askatu egiten dute, geure begiokin ikusi dugunez.
Migratzaileei egiten zaien jazarpen dinamika baten aurrean gaudela ematen du. Pertsona horiek zirikatuz, segurtasunik gabe eta zelatuta sentiarazi nahi balituzte bezala. Irunera etortzekoak diren migratzaile atzerritarrei mezu bat bidaltzeko asmoarekin agian; ez dela leku atsegina eta segurua. Gainera, atxiloketa hauekin beste bidaiariek pertsona hauekiko susmoa izatera bultzatzen dituzte, pertsona migratzaileak delituekin eta kriminalitatearekin lotuz.
Irungo Harrera Sarearentzat onartezinak dira jarrera diskriminatzaile eta arrazista hauek eskubidezko estatu batean. Berriro ere, pertsona zaurgarriak dira jazarpena eta kriminalizazioa jasaten dutenak.
Horregatik guztiagatik, eta nahiz eta gizartea oro har eta gure Sarea ere une zailak bizitzen ari den, lanean jarraituko dugu hona datozen pertsonak babesten. Izan ere, pertsona hauek jazarpen bikoitza jasan behar izaten baitute; batetik, euren jatorrizko herrialdeetan, eta bestetik, bidean topatzen dituzten herrialdeetako kontrol arrazisten sistemetan.
Eta erakunde publikoei eskatu nahi diegu, bai Inklusiorako Ministerioari, Eusko Jaurlaritzari, Diputazioei eta Irungo Udalari, egoeraren larriaz jabetu daitezen eta harrera integral bat ezarri dezaten. Eta azpimarratu nahi dugu helburu hori lortzeko erakunde guztiekin elkarlanean aritzeko prest gaudela.
Bitartean, sarekada arrazistarik ez! Jendea kalean lotan ez! aldarrikatzen jarraituko dugu.
#Zirkulazioaaskatasuna #Bideseguruak #HarreraDuina #InorEzDaIlegala
- Egutegia
- 582 irakurketak
- Castellano